15. urtemuga ospatuko du Doka aretoak
Antiguako frontoian pilota jaialdi bat egingo dute gaur, eta aurrerago ekitaldi gehiago egingo dituztela iragarri dute.
2007ko maiatzaren 11n zabaldu zituen ateak Antiguako Doka antzokiak. Auzoak gustura hartu zuen Doka Kafe Antzokiaren sorrera, eta hasieratik babesa adierazi zioten auzotarrek. “Hamaika izan dira gure ateak zeharkatu dituztenak, gure kontzertuez gozatzeko, edo dantza egiteko, baina bereziki gure haria den euskaraz eta euskal kulturaz gozatzeko”, adierazi dute Dokako arduradunek ohar baten bidez.
Pilota jaialdi batekin hasiko dute urtemugaren ospakizuna, gaur, 19:00etan, Antiguako frontoian. Oinatz Bengoetxea eta Mikel Aranguren neurtuko dira Iker Urmeneta eta Jon Erasunen aurka. Jaialdia hasteko, Antiguako pilota eskolarekin elkarlanean, senior partida bat antolatu dute. Ganboa eta Osoro, Aranburu eta De Paz-en aurka neurtuko dira.
Gaur hasiko dute ospakizuna, baina ez da gaur bukatuko. Maiatza eta ekaina bitartean programazio zabala egingo dutela iragarri dute: kontzertuak, bertsolariak, antzerkia… “Ospa dezagun 15 urtez kulturaren alor ia guztiak jorratu ditugula, eta ospa dezagun beste 15 urtez behintzat jardungo garela gehien maitatzen duguna egiten: zuei irribarre bat ateratzea”.