"Emakumeen eskubaloia indartuko du kopa honek"
Bera Bera eskubaloi taldeak ez zuen Illunben jokaturiko Espainiako Kopa irabazi. Finalaren atarian geratu ziren, finalerdietan Atletico Guardesen kontra galdu ondoren. Eli Cesareo eta Ainhoa Etxeberria jokalariek ez dute kopa ahaztu, baina etzi irabaz dezaketen ligari begira daude. Xixonen irabaziz gero zortzigarren liga eskuratuko dute.
Kopa ez zen Donostian geratu, baina Illunbeko giroa aparta izan zen. Zer iruditu zaizue oro har kopa?
Eli Cesareo (E.C.): Balorazioa bi alorretan bereiziko nuke. Antolaketa aldetik, harro egoteko modukoa da. Txalotzekoa da klubak eta Tati Garmendiak egindako lana. Harmailak bete ziren eta giro paregabea lortu zen Illunben. Gainera, emakumeen eskubaloia indartu du kopa honek. Aspalditik eskatzen genuen ikusgarritasuna eman dio. Kirol ikuspetik, kolpe latza izan da guretzat. Gutxienez finalera iristea espero genuen, baina ez zen posible izan. Pertsonalki oraindik minduta nago.
Ainhoa Etxeberria (A.E.): Egia esan, orain arte hiru kopa bizi ahal izan ditut, eta aurtengoa mugarri izango dela iruditzen zait. Oihartzun handiagoa izan du, eta jende asko etorri zen kopa azken fasea ikustera Illunbera. Guretzako ez da borobila izan, baina bai emakumezkoen eskubaloiarentzat.
Final laurdenetan aise gainditu zenuten Valladolid (37-24), baina finalerdietan galdu egin zenuten Atletico Guardesen kontra (20-24). Zer gertatu zen?
A.E.: Ez ziren gauzak nahi bezala atera, eta horren isla da gertaturikoa. Azken batean, partida batek 60 minutu ditu eta ligako neurketak ezin dituzu erreferentzia gisa hartu. Nik beti gauza bera diot; gure esku dauden gauzak ondo egiten baditugu, baina gure aurkaria hobea izan bada, ezin duzu ezer egin. Hori da finalerdietan gertatu zena, hobeak izan zirela. Egia da ere guri gauza asko ez zitzaizkigula ondo atera, eta beraien atezainak bikain jokatu zuela. Kopa da, eta koparen xarma hori da.
E.C.: Ez genuen partida txarra jokatu, baina Atletico Guardesek dena alde izan zuen. Valladoliden aurka gure bertsiorik onena eman genuen, eta maila horretan jokatu zuen Atletico Guardesek gure kontra. Ezin da esan huts egin genuenik, baina koparekin genuen arantza atera gabe geratu zen hirugarrenez.
Finalean Malaga eta Atletico Guardes aritu ziren nor baino nor. Azkenean, andaluziarrek altxa zuten kopa (26-33). Espero zenuten?
E.C.: Atletico Guardesek kopan eman zuen maila ez diogu ligan ikusi. Halere, merezita iritsi ziren finalera, Malagaren antzera. Finalak aurrera egin ahala argi ikusi nuen andaluziarrek irabaziko zutela kopa. Entrenatzaileak oso ondo kudeatu zituen hiru partidak.
A.E.: Malagak talde bikaina du eta oso ondo jokatzen dute. Beraien indarguneak aprobetxatzen dakite, eta ahulguneak gainditzeko lan asko egiten ari dira. Gero eta zailagoa da beraiei aurre egitea. Finalari dagokionez, Atletico Guardesek ez zuen lortu Malagari aurre egitea, guri finalerdietan haien kontra gertatu bezala. Malagak dena alde izan zuen, eta merezita eskuratu zuten kopa.
Kopako azken fasea Donostian jokatzeak presio eta urduritasun gehiago eragin zizkion Bera Berari?
A.E.: Baliteke urduritasun gehiago nabaritu genuela, etxean jokatzen genuelako. Dena dela, taldekide guztiok dakigu Bera Beran jokatzeak dakarren presioa. Beti irabazteko presioa dugu. Presio pixka bat gehiago genuen, baina astebururo kudeatu behar dugun zerbait da. Bere alde onak eta txarrak ditu. Azken batean presio hori izatea ona da, partidak aurrera eramateko. Halere, momentu jakinetan presio hori kudeatzea zaila da.
E.C.: Taldean hitz egin dugun zerbait da, eta nik esango nuke ez genuela presio gehiagorik izan. Hori bai, kopako azken fasea jokatzeko gogo ikaragarria genuen. Presioa izatekotan, baikorra izan zen, eta ez negatiboa.
Kopak ihes egin du, baina liga irabaztea eskura duzue. Lau partida falta dira, zortzi puntu daude jokoan, eta zazpi puntura dago Malaga bigarren sailkatua. Etzi, Xixoni irabaziz gero txapeldunak izango zarete.
A.E.: Irabazi arte ez dut esango liga eskura dugunik. Dena dela, oso bideratua dugu urtean zehar etxeko lanak egin ditugulako. Dena dela, Xixonera goaz, eta ez da aurkari batere erraza. Ondo jokatzen dute, jokalari oso onak dituzte eta entrenatzailea bera ere ona da. Beraz, ez digute inolako erraztasunik jarriko. Munduko ilusio guztiarekin goaz hara partida eta liga irabaztera.
E.C.: Partida bat irabazi behar dugu, eta, esan bezala, Xixonen pistan jokatuko dugu etzi. Partida lehiatua espero dut, eta gure aldetik onena ematen saiatuko gara kopako porrota atzean uzteko. Aukera gehiago ditugun arren, gure helburu nagusia liga etzi ziurtatzea da, eta horretarako bai ala bai irabazi behar dugu.
Liga irabazteak kopak utzitako zapore gazi-gozoa kenduko dizue?
A.E.: Ez dut uste. Beste txapelketa bat da, eta beste xarma bat du. Kopa hiru egunetan jokatzen da, eta hiru partidak irabazten dituenak eskuratzen du titulua. Liga, berriz, denboraldi oso bateko lehia da, eta aukera gehiago ematen ditu irabazi ahal izateko.
E.C.: Nire ustez, bai. Azken batean, liga irabaztea oso garrantzitsua da Bera Berarentzat. Urte osoko lana borobilduko genuke. Dena dela, kopako porrota aghazteko, niri ezinbestekoa iruditzen zait taldeak bere izaera lehiakorra berreskuratzea, eta bere mailarik onena ematea.