Kontxa azpiko zulaketak berrabiarazi ditu ETSk
Donostiako Metroaren Mirakontxa-Easo zatiko lanak berrartu ditu Euskal Trenbide Sareak (ETS). Hedabide honi baieztatu diotenez, 110 tonako makina zulatzailea martxan jarri dute, eta 80 metro dira zulatu behar dituenak Kontxako hondartzaren azpian, 40 metroko sakoneran. Hondartzatik Erdialderako norabidean egingo du zuloa, Erdialdeko geltokia San Martin, Easo, Urbieta eta Arrasate kaleen eremu azpian egongo delako. Guztira, 200 metro geratzen dira zulatzeko Kontxa-Erdialdea geltokiarekin bat egiteko.
ETSk nabarmendu du tunelaren zulaketa pixkanaka egingo dutela, segurtasuna bermatzeko. Hainbat fasetan egingo dute eremu bakoitzak ezaugarri desberdinak dituelako. Espainiako Gobernuko Kostaldeetako zuzendaritzak azaroan emandako baimenaren arabera, zulaketa lehorra egin behar dute falta den eremuan. Hau da, uren filtrazioak saihestu behar dituzte.
Zulaketa lan hauek bukatzeko eperik ez du eman ETSk, baina urtebete baino gehiago beharko dutela aurreikusi dute. Epe hau metroaren igarobidea bukatzeko dataren baitan dagoela diote. Alegia, 2025erako obra bukatuta egongo dela dio ETSk.
Ia bi urte
2020ko ekainetik lanak geldirik egon dira, Zubieta kalean zulo bat agertu zenetik, metroaren lanen ondorioz: 8. zenbakiko sotoan zulo bat azaldu zen –20 metro kubiko ingurukoa–, eta Kontxako tunelaren zulaketa lanak gelditu behar izan zituzten. Horrela, Euskal Trenbide Sareak (ETS) lanen kontratua bertan behera utzi zuen 2020ko irailaren 25ean.
Bi hilabete beranduago, azaroaren 17an, bigarren zuloa azaleratu zen –30 metro kubiko ingurukoa–, Zubieta kalean eta Londres hoteletik gertu. Gertatutakoa aztertu ondoren, ETSko arduradunek baieztatu zuten zuloa metroaren igarobidearen lanek eragin zutela, eta zehazki, hilabete batzuk lehenago kale berean izandako lur jausiarekin lotura zuela. Hirugarren zulo bat ere izan zen, maiatzaren 7an, Kontxako hondartzako aldagelen forjatuaren azpian –138 metro kubikokoa–.
Lanak gelditu zituztenetik, beraz, bi zulo gehiago agertu dira gutxienez, eta langileak zorupea porlanarekin indartzen aritu dira. Bestalde, lanak berrartzeko kontratua 57,8 milioi eurotan adjudikatu zuten. Ordea, aurreko kontratuaren baitan 35,3 milioi euro gastatu zituzten lanak eten aurretik, beraz, momentuz, 93,1 milioi eurokoa izango da lanen kostua. Hasiera batean, 53,2 milioi eurotan adjudikatu zituzten.