Okendo Alde eremuko hirigintza plana eten nahi du Ulia Auzo Elkarteak
Gazte zein adinekoentzako etxebizitzak eta Basque Culinary Center fundazioaren bigarren egoitza Manteon eraikitzea aurreikusten du udalak. Horren kontrako sinadura bilketa egingo du auzo elkarteak, eremuko berdeguneak «nabarmen murriztuko» direlako.
Udal jabetzakoak dira Groseko Okendo Kultur Etxearen eta Zubiri Manteo ikastetxearen arteko 25.790,86 metro koadroak. Lursail horretan hirigintza plan berezi bat garatu nahi du Donostiako Udalak. Gazteentzako eta adinekoentzako etxebizitzak eraiki nahi dituzte lursail horretan. Zehazki, 1.350 metro koadroko bi eremu aurreikusi dituzte 90 apartamentu eraikitzeko. 5.000 metro koadroko berdegune bat eta Manteo ingurura iristeko errepidearen hobekuntza ere aurreikusten du plan bereziak.
Horrekin batera, Manteoko lursailaren zati batean bigarren egoitza jarri nahi du Basque Culinary Center fundazioak. Udalak iazko abuztuan iragarri zuen Okendo Aldeko 5.500 metro koadro utziko dizkiotela fundazioari. Beraien asmoa da egoitza kultur etxearen albo batean eta ikastetxearen aurrean eraikitzea.
Ulia Auzo Elkartea «kezkatuta» dago udalak Manteon aurrera eraman nahi duen plan bereziarekin. «Larria da udal gobernuak egin nahi duena, eremuko berdegune kopurua nabarmen murrituztuko delako. Horrekin batera, harrituta gaude Gros eta Uliako herritarren jarrera ezarekin. Badirudi askok ez dakitela Manteon zer egin nahi duten. Oposizioko udal taldeen utzikeria ere ez dugu ulertzen», dio auzo elkarteak.
Okendo Alden aurreikusitakoa
2010eko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean jasota dago Okendo Alde eremuan gazteentzako eta adinekoentzako apartamentuak eraikitzea. «Ulia-Ategorrietako Mintegietan jarri nahi zituzten apartamentuak dira Manteon eraiki nahi dituztenak. Hori aurreikusita dago plan orokorrean, baina ez Basque Culinary Center-en bigarren egoitza. Hori prezio berean saldu nahi digute», kritikatu du auzo elkarteak.
Udalak 1980ko hamarkadan erosi zizkion Okendo familiari lur horiek, eta eremurako aurreikusi zena gogora ekarri du Uliako auzo elkarteak: «San Antonio Abad ospitale zibila eraitsi ondoren, eremua berrantolatu zen. Gaur egun dagoen ikastetxearentzako lursail bat eta kiroldegia eraikitzeko beste lursail bat gorde zituen udalak. Gainerakoari berdegune izaera eman zion».
Auzo elkartea ez dago apartamentuak eraikitzearen kontra, baina udalaren proposamena ez dute konpartitzen. Izan ere, gazteentzako eta adinekoentzako etxeak Nafarroa hiribideko gasolindegiaren atzean eta ikastetxearen albo batean eraiki nahi dituzte. «Basque Culinary Center-i lekua egiteko, bi eremutan bereizi dituzte apartamentuak, eta aurreikusitakoa baino berdegune gehiago kenduko dute», azaldu dute.
Gasolindegi atzean Done Jakue bidearen zati bat dago –argazkian ikusten diren eskailerak–, Uliara igotzeko erabiltzen dutena erromesek. Bide hori «babestuta» dagoela dio auzo elkarteak, eta, beraz, eremu horretan ezin direla etxeak eraiki. Horren inguruko idatzi bat helarazi diote Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailari, dagoeneko Okendo Aldeko plan bereziaren ingurumen txostena argitaratu dutelako. «Eremu horretan ezin dira etxeak eraiki, ondare kultural gisa estatu mailako babesa duelako».
23 metro eta zazpi solairu
Ulia Auzo Elkarteak jakin ahal izan duenez, Basque Culinary Center fundazioak Okendo Alden eraiki nahi duen egoitzak 23 metroko altuera izango du. «Zazpi bat solairu izango dituela kalkulatzen dugu. Hau da, Nafarroa hiribidean parean dituen etxebizitzen altuera berekoa izango da. Hori zeharo kaltegarria izango da han bizi diren herritarrentzat».
Okendo Kultur Etxearen alboan kokatu nahi dute eraikina, eta berdegunearen zati handi bat «txikitu» beharko dutela ohartarazi du auzo elkarteak. «Hiribidearen eta ikastetxearen tartean dagoen pasabidearen erdia baino gehiago kendu nahi dute. Noski, han dauden zuhaitz guztiak moztuko dituzte. Udalak dio hango zuhaitzen mantenua garestia dela. Horrez gain, ikastetxe aurreko berdegunearen zati handi bat urbanizatu nahi dute».
Okendo Aldeko plan berezia gelditzeko sinadura bilketa fisiko bat egingo du auzo elkarteak –Change.org webgunean egindakoaz aparte–, eta Basque Culinary Center-en bazkide diren sukaldariekin hitz egingo dute fundazioak atzera egin dezan Manteoko egoitzarekin. Horrekin batera, auzo elkarteak ez du baztertu bestelako mobilizazioak egitea.
Udal gobernuak, berriz, oraindik ez du plan berezia Tokiko Gobernu Batzordera eraman, txosten batzuk falta direlako. Horrela ere, aurreikusitakoarekin aurrera egiteko asmoa dute.