Xixonen irabaziz gero eskuratuko du liga Bera Berak
Donostiako lehen mailako emakumezkoen bi taldek asteburu esanguratsua dute aurretik. Tira, esanguratsua izatea dute helburu. Bera Bera eskubaloi taldeak Xixonen pistan jokatuko du bihar, eta irabazten badute euren historiako zortzigarren liga eskuratuko dute. Kopako porrota atzean uzteko, liga ospatzea da irtenbidea. Bera Berako jokalariak gogotsu daude liga bihar bertan ziurtatzeko. Horrela adierazi diote IRUTXULOKO HITZAri Eli Cesareo eta Ainhoa Etxeberria jokalariek.
Futbolean, emakumezkoen Realak liga bigarren postuan bukatzeko partida jokatuko du Teneriferen zelaian, igandean. Puntu bakarrarekin nahikoa dute ligako bigarren tokia ziurtatzeko. Txapeldunen Ligan aritzeko txartela, berriz, pasa den asteburuan lortu zuten. Gizonezkoen Realak, berriz, gaur iluntzean jokatuko du Levanteren kontra, arerioaren etxe zailean. Valentziakoek lehen mailari eusteko behar dituzte puntuak, eta txuri-urdinek datorren sasoian Europan jokatu ahal izateko. Neurketa parekatua eta bizia espero da.
Saskibaloian, Gipuzkoako derbia jokatuko dute Azpeitian Iraurgik eta Gipuzkoa Basketek. Partida igandean izango da.
PARTIDAK
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 23. jardunaldia
- Xixon – Bera Bera (larunbata, 18:00)
Futbola
Gizonezkoen lehen maila, 35. jardunaldia
- Levante – Reala (ostirala, 21:00)
Emakumezkoen lehen maila, 29. jardunaldia
- Tenerife – Reala (igandea, 12:00)
Saskibaloia
Gizonezkoen Urrezko LEB liga, 32. jardunaldia
- Iraurgi – Gipuzkoa Basket (igandea, 18:00)