Hiri safari bat Intxaurrondon zehar
Munduko hainbat hiritan egin duten moduan, Donostian ere Jane-en ibilaldia egin dute. Jane Jacobs aktibista eta pentsalari urbanista gogoan, Intxaurrondo auzoa esploratu eta behatu dute.
Hiria eta auzoak beste modu batera behatzeko eta esploratzeko egitasmoa da Jane-en ibilaldia. Munduko hainbat hiritan egiten dira ibilaldiak, Jane Jacobsen jaiotzaren urtemugarekin bat eginda (1916ko maiatzaren 4an jaio zen, AEBetan). Donostian, Impact Hub taldeak hartu du ibilaldi hauek antolatzeko ardura, eta, 2012. urtetik darama Donostiako auzoak esploratzen. Egian, Parte Zaharrean, Loiolan, Amaran, Altzan, Grosen, Añorgan eta Amara Berrin egin dituzte aurretik. COVID-19a dela eta ezarritako prebentzio neurriengatik azken bi urtean ezin izan dira kalera atera, baina iaz Txomineneari buruzko dokumental bat egin zuten. Aurten ohiko formatura itzuli ahal izan dira, eta Intxaurrondon izan dira.
Larunbat goizean egin dute ibilaldia, eta, hiru orduz auzoan zehar ibili dira, esploratzaile talde baten moduan, hiri oihan batean murgilduta. Impact Hubeko Alvaro E. Olaizek eta Victor Aspek gidatu dute ‘hiri safaria’, eta ibilaldiarekin bat egin dutenei begirada zorrozteko gonbitea egin diete. Nondik dabiltza oinezkoak? Irisgarriak dira kale, espaloi eta atariak? Kutsadura akustikoa dago? Dendarik ba al dago? Zenbat negozio daude itxita? Zeintzuk dira auzoko topaguneak, eta zergatik? Auzoak ikuspegi kritiko batetik aztertzen dituzte, eta egunerokoan oharkabean pasatzen diren hainbat gauza errepasatzen dituzte, hiriak ikusi, ikutu eta entzun egiten direlako.
Sagastieder plazan hasi da ibilaldia. Gaur egun bulebar jendetsua da, eta etxebizitza blokez inguratuta dago. Garai batean, ordea, zona honi guztiari ‘Las autopistas’ deitzen ziotela kontatu du Alvaro E. Olaizek. “1978. urterako Intxaurrondo berri guztia urbanizatuta zegoen. Errepideak, espaloiak, argiteria… Dena prest zegoen etxebizitza berriak eraikitzen hasteko, baina lanak ez ziren hasi 1990eko hamarkadara arte. Urte luzez hutsik egon zen, soilik Guardia Zibilaren kuartela eta etxe gutxi batzuk zeuden”. Eta hutsik zeuden errepide hauetan legez kanpoko auto eta moto lasterketak egin ohi zirela gogoratu du: “Angel Nieto motoziklista ezaguna bera hemen izan zen, uste dut txapelketa bat egin zutela”. Eremu honetan ez zebilen jende asko, eta ohikoa zen Guardia Zibilak inguruan zebilen jendea identifikatzea: “Gure arkitekturako irakasle bat hona etorri zen lekua ikustera, gero guri klasean ariketa bat proposatu nahi zigulako, guk nolako etxebizitzak eraikiko genituzkeen lantzeko. Eta ohartarazi zigun inguruan pare bat buelta eman ondoren Guardia Zibilak gelditu egin zuela, eta, beraz, kontuz ibiltzeko hemendik”.
Plazan taberna eta jatetxeen terraza ugari daude, denda eta negozioak ere badaude. Mugimendu handia sumatzen da. Baina badira gune lasaiagoak. Etxebizitza blokeen barruan plaza publikoak daude, eta horiek ezagutzera eraman dute ibilaldiarekin bat egin duen jendea. Maurice Ravel plazara, besteak beste. Zergatik dabil jende gutxi blokeen barruan geratzen diren plaza hauetan? “Plaza hauetan zaudenean, badakizu etxebizitzetatik jendea begira egon daitekeela. Eta, beraz, ez dira eroso sentitzen. Jendeak nahiago du jendea pasatzen ikustea, ez alderantziz. Horregatik geratzen dira hutsik espazio hauek. Plaza publikoak dira, baina ez dute arrakastarik izaten”, esan du Aspek.
Beharkoko biribilgunera gerturatu dira, eta hemen ozenago hitz egin behar izan dute. Zarata handia dago, zirkulazio handia dabilelako errepide nagusian. Otxoki pasealekuko errepideak eta Ametzagaina parkeak auzoaren mugetako batzuk direla azaldu du Aspek: “Jane Jacobsek asko idatzi zuen muga hauen inguruan. Josturak egitea proposatzen zuen. Eta Intxaurrondon garrantzitsua da josturak egitea, auzoa zatitu eta banatzen duten hainbat muga eta traba daudelako: saihesbidea eta trena, besteak beste”.
Egiarekin duen muga honetatik, Beharkoko biribilgunetik, hiriaren ikuspegi ederra dago: “Loiola eta ingurua oso ondo ikusten da, eta hemengo bide batetik jaitsita, Loiolako kuartelek hartzen duten espazioa ikus daiteke”, azaldu du Aspek. Goialdean dauden auzoen abantailetako bat dela nabarmendu du E. Olaizek: “Espero ez duzun tokietan sekulako ikuspegiak ikus ditzakezu, ikusmira eder eta zabalak”.
Etxeak egiteko moduak auzoan eragin handia izan duela uste dute. Jose Maria Busca Isusi kalera joan dira. Etxe elkarri atxikiak daude, eta isiltasuna da nagusi. Ez dabil inor kaletik. “Lo egiteko gune izan ohi dira, ez da dendarik egoten inguruan, ez dago negoziorik. Beraz, soilik bizilagunak dabiltza, berdin dio zer ordutan zatozen, oso lasai dago beti”. Horregatik, leihoetatik begira edo etxera sartzen ari diren bizilagun batzuk taldeari begira geratu dira, harridura aurpegiarekin. “Normala da, hemen ez bazara bizi, zertarako etorriko zara?”.
Garai bateko baserrien izenak daramaten hainbat kaleetatik pasatu da ibilaldia: Otxoki, Arjel, Baratzategi, Zarategi, Tuniz… Jatorrian nekazaritzarako lurrak zirelako hauek guztiak. Saihesbidea egin zutenean auzoa bitan zatitu zuten, eta hainbat baserriren lurrak desjabetu zituzten. Saihesbide honen tunelaren gainean eraikita dago auzoko bolatokia, Zarategi pasealekuan. Lagun kuadrilla bat dabil petankan jokatzen. Zarata handia dator saihesbidetik, baina inguruan badira lasai egoteko berdegune eta parkeak: Arkazieta parkea, besteak beste. Saihesbidea jarraituz, Zardandegi kaletik Julimasene baserrira iritsi dira. 1940ko, 1950eko eta 1960ko etxeak daude inguru honetan. Hemen inguruan ez dago saltokirik, eta berriz ere isiltasuna nabari da.
Aurrera jarraitu dute, eta Garro zubiraino iritsi dira. Auzoa zatitzen duen beste azpiegitura bat dago hemen, trenbidea. 1864an inauguratu zen, eta erabat aldatu zuen ingurua. 2012an trenbidearen zati bat estali zen, eta horri esker, jende gehiago dabil inguruan. Trenbidearen bidetik berehala iritsi dira Intxaurrondo kalera. Hemen ere jende jende asko dabil paseoan. Larunbat goiza da, eta eguraldi ona lagun, adin guztietako jendea dabil hemendik. Intxaurrondo Zahar baserria dago hemen, auzoari izena eman ziona. Ondoan daude Larrotxene baserria zena (gaur egungo kultur etxea) eta Erdikoa taberna. Auzoaren gune historikoa da, biderik zaharrena. Etxe historiko asko eta eraikin erlijioso ugari daude hemen. Horietako asko desagertzen ari dira. Duela gutxi bota zuten Villa Elvira eta kapera. Azken momentuan Aldundiak eraikinaren beirateak gordetzea erabaki zuen.
Intxaurrondo bidetik Ategorrietaraino iritsi dira. “Leku historikoa da hau. Ategorrietako erlojua denok ezagutzen dugu, erreferentzia bat da denontzat. 1931an gertatutako sarraskia oroitzen duen plaka bat dago hemen. Gertaera historikoen lekuko izan diren espazioek izaten dute zerbait berezia. Leku honetan bertan Donostian zerbait saldu nahi zuen jendeak zergak ordaindu behar zituen”, kontatu du Aspek. Eta E. Olaizek gehitu du 1813an tropa ingelesek Intxaurrondo bidetik, gurdi gainean ekarri zituztela arma guztiak”.
Intxaurrondo kaletik berriz sartu dira auzora, barruan dituen gune desberdinak esploratzera. Luistarren kalean, adibidez, frankismoaren garaian egindako babes ofizialeko etxeak daude. 1950eko hamarkadakoak dira, eta etxe berdinak egin zituzten Egian eta Amaran ere. Garaiko langileentzat egindako etxeak dira. Inguru honetan irisgarritasunarekin lotutako arazo handiak agerian daude. Auzo aldapatsua da, eta zenbait igogailu eta eskailera mekaniko jarri badituzte ere, oraindik asko dago egiteko.
Berriz itzuli dira Sagastieder plazara, eta hemen bukatu da ibilaldia. Maldan gora eta behera, auzoa Jane Jacobsen begiradapean esploratu dute parte hartzaileek. Pozik agertu dira denak, eta egindako lana eskertu diete Impact Hubeko kideei. Auzoaren erronka urbanistikoen inguruan galdetzerakoan, bi kideek nabarmendu dute auzoa gehiago lotzea falta dela, josturak egin behar direla auzoa zatitzen den toki horietan. Eta desberdintasun soziologikoak orekatzeko neurriak hartzea ere garrantzitsua dela.
Hurrengo urtean berriz ere antolatuko dute hiri safaria. Mirakuz eta Bidebieta ingurua esploratzera animatuko dute jendea.
#JaneJacobs urbanista gogoan, Intxaurrondon ibili gara maldan gora eta behera auzoa esploratzen. Bazenekiten garai batean zona berrienari 'Las autopistas' deitzen ziotela?@irutxulo pic.twitter.com/dJVYSu7cdz
— Nerea Lizarralde (@Nerea_lr) May 7, 2022