Bera Berak zortzigarrenez irabazi du liga

Xixonen eskuratu zuen atzo Bera Berak bere historiako zortzigarren liga. Partida bikaina jokatu eta lehen postua ziurtatu zuten arerio gogor baten pistan (22-35). Kopako porrota ahazteko baino atzean uzteko lorpena da Asturiasen lorturikoa. Horrela, Donostiako maila goreneko eskubaloi taldeak historia egiten jarraitzen du. Ospakizunak bukatzean, datorren sasoiari begira jartzeko unea da. Aldaketa ugari izango ditu taldeak, eta hiru txapelketa jokatzeko.
Futbolean, Realeko neskek bigarren postuan bukatuko dute liga Teneriferen zelaian berdindu ostean. Natalia Arroyok gidaturiko taldeak puntu bakarra behar zuen helburu hori betetzeko, eta baita lortu ere. Txuri-urdinek denboraldi bikaina egin dute, eta liga bukatu ez bada ere, bi helburu potolo poltsikoratu dituzte: bigarren bukatzea liga eta Txapeldunen Ligan aritzea datorren sasoian. Gizonezkoen Realak, berriz, ez zuen asmatu Levante azken sailkatuaren kontra. Galtzen hasi eta berdintzea lortu arren, epailearen erabaki zalantzagarri batek esku hutsik utzi zuen talde txuri-urdina. Hiru neurketa falta dira liga bukatzeko eta ezin dute hutsik egin Europan aritzeko txartela eskuratu nahi badute.
Saskibaloian, Azpeitia eta Azkoitiko Iraurgik irabazi zuen Gipuzkoa Basketen kontrako derbia. Etxeko taldeak, Iñaki Jimenez entrenatzaile donostiarrak gidatzen duenak, neurketa hobea jokatuta hartu zuen mendean Donostiako taldeak. Biak ala biak denboraldi irregularra egiten ari dira.
EMAITZAK
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 23. jardunaldia
- Xixon 22 – Bera Bera 35
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 29. jardunaldia
- Tenerife 1 – Reala 1
Gizonezkoen lehen maila, 35. jardunaldia
- Levante 2 – Reala 1
Saskibaloia
Gizonezkoen Urrezko LEB liga, 32. jardunaldia
- Iraurgi 75 – Gipuzkoa Basket 66