Anoetan jokatuko dira 2023ko Top 14 errugbi txapelketako finalerdiak
Goi mailako errugbia Anoetara itzuliko da datorren urtean, bertan jokatuko baitira 2023ko Top 14 Frantziako errugbi liga goreneko finalerdiak. Midi Olympique komunikabide espezializatuak joan den astean argitaratu zuen Anoetako estadioa zela horretarako hautagai nagusia, eta txapelketak berak astelehenean baieztatu zuen hirian jokatuko direla finalerdiak. 2023ko ekainean jokatuko dira neurketak, eta dagoeneko izena eman daiteke sarreren salmenta abiatzen dutenean jakinarazpen bat jasotzeko zerbitzuan.
Eneko Goia alkateak nabarmendu du “albiste bikaina” dela Top 14ko finalerdiak Anoetan jokatzea, eta azaldu du udalak eta Realak elkarrekin aurkeztu zutela horretarako hautagaitza. Top 14ko kanporaketak Frantziako Estatutik kanpo jokatu izan dira beste batzuetan ere; esaterako, Bartzelonako (Herrialde Katalanak) Camp Nou estadioan jokatu zen 2016ko finala.
Top 14 txapelketan ohiko faseko sei talde onenek hartzen dute parte: lehenengo bi sailkatuak zuzenean sailkatzen dira finalerdietarako, eta hirugarrenak, laugarrenak, bosgarrenak eta seigarrenak beste kanporaketa bat jokatzen dute aurretik. Aurten, ekainaren 18an eta 19an jokatuko dituzte finalerdiak, Nizan. Finala, aldiz, ekainaren 24an izango da, Parisen.
Bestalde, Anoetan hainbatetan jokatu izan dira goi mailako errugbi partidak; besteak beste, Baionak eta Miarritzek jokatu izan dute. Era berean, 2016an AEBen eta Tongaren arteko nazioarteko neurketa Anoetan jokatu zen.