"Eneko Goia alkate denetik hirian ireki diren 45 hotelei gehitu behar zaie Arte Ederrak eraikinean jarriko dutena"
Arte Ederrak eraikina luxuzko hotel bihurtuko dela jakinarazi dute gaur SADE enpresak eta Hilton hotel kate estatubatuarrak. Horren inguruko balorazioa plazaratu dute EH Bildu, Ezker Anitza eta Ahal Dugu alderdiek, eta guztiak kritiko azaldu dira akordio horrekin.
“Donostiako beste eraikin bat hotel bihurtuko da, Eneko Goia alkate denetik hirian ireki diren 45 hotelei gehitu behar zaiena. Zalantzarik gabe, hotel oldea Goiaren alkatetzaren legatuaren parte protagonista izango da”, adierazi du ohar bidez EH Bilduk. Iritzi berekoa da Ezker Anitzako Haizea Garai zinegotzia, eta ondorengoa gaineratu du: “Arte Ederren antzokia luxuzko hotel bihurtzeak Goiak turismoaren negozioari egindako sermoi politika erakusten du, nahierara egindako hirigintza, eraikinaren babesari muzin eginez eta donostiarren benetako beharrei bizkarra emanez”.
Aitzole Araneta Ahal Duguko zinegotziak ohar bidez esan du Arte Ederrak luxuzko hotel bihurtzea “hiri honetan gertatzen ari den eraldaketaren beste urrats larri bat” dela. “Udal gobernuari esker, hiri honetako ondareak inbertitzaile batzuek diru asko irabaz dezaten balio du, donostiarrentzat inolako itzulerarik izan gabe”.
Hotelen ugaritzea
Udal gobernuak 2021eko azaroan iragarri zuen hotelen ugaritzea neurtuko zuela. EH Bilduk hori gogora ekarri nahi izan du: “Ez da ordutik baimentzen duen lehen hotela, Garibai kaleko 23. zenbakirako baimena ere eman baitu, eta laster beste batzuk etorriko dira; adibidez, Mariaren Bihotza eta Maria Inmaculada ikastetxea”. Horrez gain, udal taldeak nabarmendu du Arte Ederrak eraikina babesturikoa zela, “donostiarrentzat zuen balio sinbolikoagatik”. “Azkenean luxuzko hotel izatea, elite batentzat zuzendua, inolako erabilera publikorik gabea, hiriak hartu duen norabidearen adibide paradoxikoa ere bada”.