Hilton kateko luxuzko hotel bat jarriko dute Arte Ederrak eraikinean
SADE eta Hilton luxuzko hotel katea akordio batera iritsi dira Arte Ederrak eraikinari erabilera emateko. Curio bildumako hotel bat irekiko dute 2024an. 82 logela, taberna eta jatetxea izango ditu, baita beste zerbitzu eta espazio batzuk ere.
Esteban Basterretxea Badiola SADEko zuzendari nagusia pozik agertu da “hiriko eraikinik esanguratsuenetako bati” erabilera bat emango diotelako. Gainera, ilusioz agertu da hitzarmena Hiltonen Curio zigiluarekin sinatu izanagatik, “enpresaren hotel berezienak hartzen baititu barne”.
Hitzartutako frankizia ereduari esker, SADEk hotelaren kudeaketa bere gain hartu eta bere markaren helburuari eutsiko dio: “gozamenerako esperientziak eskaintzea Donostiako kultura eszenarekin duen loturatik abiatuz”.
Hilton katea nabarmen hazi da Europa osoan, eta irekiera berriak izan ditu Lisboan (Portugal), Madrilen (Espainia), Santorinin (Grezia), Krakovian (Polonia), Londresen (Ingalaterra) eta Reykjaviken (Islandia). Gaur egun, Hiltonek 25 hotel ditu zabalik edo garapenean estatuan, bederatzi marka desberdinekin: Hilton Barcelona Diagonal Mar, Hilton Garden Inn Sevilla eta Canopy by Hilton Madrid Castellana. Horri gehitu beharko zaio Donostian irekiko dutena.
Lanak aurrera doaz
Arte Ederrak eraikina barrutik ez eraisteko eskatu zuten Ancora elkarteak eta hainbat herritarrek, baina SADEk lanekin aurrera jarraitzen du. Sabaia eta barruko egitura guztia bota dute, eta babestuta dauden hormak soilik mantendu dituzte. Hemendik aurrera, barrutik berregingo dute eraikina, eta dagoeneko baieztatu moduan, hotel bat jarriko dute eraikinean.