Kartzelan sartu dute larunbatean Grosen sexu erasoa egin zuen gaztea
Igandetik zegoen atxilotuta, eta, azkenean, astelehen iluntzean Martuteneko espetxean sartu dute asteburuan Grosen emakume bati eraso egin zion 20 urteko gaztea, sexu erasoa egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak astearte honetan jakinarazi duenez.
Biktima etxera itzultzean gertatu zen erasoa, Grosen, igande goizaldean. Dirudienez, atarian sartzen ari zela hurbildu zitzaion. Segurtasun sailak adierazi duenez, orduan SOS-Deiak larrialdietarako telefonoan abisu bat jaso zen polizia bertaratzeko eskatuz, emakume bati ustez sexu eraso bat egin baitzioten etxera itzultzen ari zela.
Protestak atzo eta gaur
Erasoa salatzeko protesta bat egin du Itaiak astelehen arratsaldean, Bulebarreko kiosko aurrean. Besteak beste, indarkeria matxistari aurre egiteko beharra “gero eta nabarmenagoa dela” adierazi du Itaiak, eta horretarako, beharrezkotzat jo du langile antolakuntza.
Bestalde, gaur arratsaldean, Groseko Asanblada Feministak deituta, elkarretaratzea egingo dute Katalunia plazan, 19:30ean.
Donostiako Udalak ere gaitzetsi du erasoa, eta adierazpena egiteaz gain elkarretaratzea antolatu du gaur eguerdian 12:00etan udaletxe parean. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bat egin du udalaren adierazpenarekin eta elkarretaratzearekin.