Bertsolari eguna bigarrenez egingo dute Amaran hilaren 21ean
Donosti Berri elkarteak Donostiako II. Bertsolari eguna antolatu du hiriko bertsolarien laguntzarekin. Elkartearen mendeurrenaren ospakizunen barruan dago hilaren 21ean Amaran egingo duten ekitaldia. Donostiako bertsolari eta bertsozaleek Amarako kaleak hartzeko asmoa dute. Guztira, bost saio egingo dituzte auzoan.
Aurreneko Alboka tabernan izango da, 17:00etan. Ondoren, Kaxilda liburutegi zein jatetxera (18:00), La Bodeguilla tabernara (19:00), eta Pirpira tabernara (20:00) joango dira. Donosti Berri elkartean afaria egingo dute (21:30), eta azken saioa 23:00ak aldera izango da. Afarirako txartelak 20 eurotan daude salgai Alboka eta La Bodeguilla tabernatan.
Guztira Donostian jaiotako edo donostiartzat har daitezkeen hamabi bat bertsolaritik gora ariko dira. Bertso jarriak izango dira, eta gai jartzaileak ere Donostiarrak izango dira denak. Egun horretan kantatu nahi duenarentzat kantatzeko aukera izango dela diote antolatzaileek. Era berean, Donostiako auzoetan sakabanaturik dauden bertso eskolak eta bertsozaleak elkartzeko eguna dela diote. Donostiako bertsolari eta bertsozaleak elkar ezagutzeko, mugimendua sendotzeko eta ondo pasatzeko eguna izatea nahi dute. Azkenik, jendaurrean kantatu bai edo ez zalantzan daudenentzat ausartzeko eguna izango dela nabarmendu dute.
Donosti Berri elkarteak 100 urte daramatza Amaran eta bide batez Donostian: “Gure asmoa ez zen ohiko bertso saio bat egitea, Donostiako bertsolariekin egin nahi genuen eta horretarako Donostiako bertsolariekin harremanetan jarri ginen. Hauek ideia oso ondo hartu zuten eta proposatu ziguten 2019an egindako Donostiako Bertsolari eguna errepikatzea. Garai hartan bertako bertsolari asko Gipuzkoako txapelketa prestatzen ari ziren. Konturatu ziren Donostiar asko parte hartzen ari zirela bertan eta ondo legokeela egun bateko ospakizun batean guztiak biltzea, orduan 15 bat bertsolari batu ziren, saioak Parte Zaharreko tabernetan izan ziren eta afaria Arrano elkartean. Donostiako bertsolariek haien irudia eguneratzeko beharra sumatzen zuten, nonbait badirudi bertsolaria landa eremuko norbait dela aurreko belaunaldietatik bertsoa jaso duena. Bestelako bertsolariak ere badaudela erakutsi nahi izan zuten eta dute. Eta batez ere kalera irten egun ederra pasatzera bertsoaren aitzakiaz”.