Bi gazte atxilotu dituzte Donostian, indarra erabiliz lapurreta egiteagatik
Bi gazte atxilotu ditu Ertzaintzak goizaldean, emakume bati telefono mugikorra lapurtu eta harekin zihoan pertsonari eraso egiteagatik, Donostiako erdigunean. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gertakariak gauerdian jazo dira, Kontxako pasealekuan. 19 eta 21 urteko gazteek mugikorra lapurtu diote emakume bati. Berarekin zihoan pertsona haiengana hurbildu da telefonoa berreskuratzeko asmoz, eta momentu horretan jasan du erasoa.
Hainbat ertzain bertaratu dira, eta bi erasotzaileak aurkitu dituzte, kaltetuek emandako deskribapenaren arabera. Jarraian atxilotu egin dituzte, indarkeriaz egindako lapurreta-delitu bat egotzita. Atxilotuak ertzain-etxera eraman dituzte beharrezko eginbideak hasteko. Horiek amaitutakoan, atxilotuak Donostiako Guardiako Epaitegiaren esku geratuko dira.