Estatuaren biktimen inguruko jardunaldiak egingo ditu Foro Sozialak larunbatean
Miramar jauregia. (Argazkia: Nagore Koch) Foro sozialak hitzaldia eta mahai ingurua antolatu ditu ‘Oztopoak egia bilatzeko bidean. Estatuaren biktimen testigantzak zuzenean’ izenpean. Larunbat honetan izango da, maiatzak 14, Miramar Jauregian, 10:30etatik aurrera.
Jon Mirena Landa Zigor Zuzenbideko katedradunak hitzaldia egingo du eta jarraian mahai ingurua izango da, Espainiako Estatuaren biktima ezberdinekin. Honakoek hartuko dute parte: Pili Zabala (GALek eraildako Joxi Zabalaren arreba), Tamara Muruetagoiena (Esteban Muruetagoienaren alaba, Guardia Zibilak torturatu ostean bihotzekoak jota hil zena), Eneko Etxeberria (Azpeitiako alkate ohia), Karmen Galdeano (Xabier Galdeano ‘Egin’ egunkariko Ipar Euskal Herriko ordezkariaren alaba, GALek erail zuen) eta Maider Garcia Martin (Juan Carlos Garcia Goena GALen biktima baten alaba).
Foro Sozialaren ustez “oraindik ere diskriminazio sakona dago Estatuaren biktimekiko, hainbat modutan adierazten dena”. Foroaren helburua “edozein motatako biktimarenganako hitzez edo ekintzez egiten den bereizkeria oro gainditzea da, eskubideak urratzen dituzten eragilearen arabera bereizketarik edo kategorizaziorik egin gabe”.
Aste honetan bertan, hain zuzen, Joxi Zabalaren sendiari kalte ordaina ukatu dio Espainiako Auzitegi Nazionalak, Konstituzionalaren epaiari jarritako helegitea baztertu ostean. Gutxi balitz, epaiketa epaiketa ordainaraziko diote, 9.256 euro exijituz, Felipa Artanori, Zabalaren amari.


