Alex Sola donostiarrak Realean jarraituko du
Talde txuri-urdinak jakinarazi duenez, Alex Sola eskuin hegaleko jokalariak 2026ra arte luzatu du kontratua. Donostiarrak 22 urte ditu eta Reala B-rekin denboraldi ona egiten ari da Bigarren Mailan. Are gehiago, jokalari erabakigarria izaten ari da taldeak mailari eusteko egiten ari den ahaleginean.
Xabi Alonso entrenatzaileak minutu asko eman dizkio azken neurketetan, eta gazteak golak eginez eskertu du konfiantza. Datorren sasoian Realaren lehen taldearekin ariko da.
Europako giltza
Hain zuzen ere, txuri-urdinek gaur 19:00etan jokatuko dute ligako partida, Anoetan. Lehen mailan jarraitu nahi duen Cadiz hartuko dute etxean, eta ez da batere arerio erraza izango. Partida onak jokatzen ari dira andaluziarrak, eta horren eredu da Bartzelonari Camp Nou zelaian irabazi izana.
Imanol Alguacilen deialdian bada nobedade esanguratsu bat. Alexander Isak zigortuaren lekua Jon Karrikaburu gazteak hartuko du. Dena dela, ikusteko dago entrenatzaileak minuturik emango dizkion Elizondoko aurrelariari. Bigarren Mailan hamar gol daramatza, eta hori da txuri-urdinek behar dutena: golak sartzea.