Baserrien transmisioaz, Ipar Euskal Herriaz eta askatasunaz ariko dira Okendo Kultur Etxean
Orreaga taldeak hitzaldi ziklo bat antolatu du Groseko Okendo Kultur Etxean, eta hiru hitzaldi egingo dituzte: Goiuri Alberdik Ekoizpen eredua eta baserrien transmisioa hitzaldia eskainiko du hilaren 16an, Xabier Monasteriok Ipar Euskal Herriko testuak eta testuinguruak hitzaldia egingo du hilaren 19an, eta Eneko Bidegainek Urratsez urrats, askatasunera hitzaldia eskainiko du hilaren 26an. Hirurak 19:00etan izango dira, doan.
Nutrizioan doktorea eta ikertzailea da Alberdi, eta elikadura sistemari buruz, tokiko produktuei buruz, baserritarren garrantziari buruz eta ekoizpen eta kontsumo ereduak aldatzeko beharrari buruz hitz egingo du. Gainera, hitzaldiaren harira, hedabide honek Alberdi elkarrizketatu du, eta elkarrizketa ostiralean irakurri ahal izango da, paperezko astekarian eta webgune honetan.
Bigarren hizlaria Euskal Filologiako lehenengo promozioko Xabier Monasterio filologoa izango da, eta Ipar Euskal Herria izango du hizpide. “Muga bat ezarri ziguten, eta oraindik ezin izan dugu kendu. Muga horrek euskaldun batzuk Frantziara begira eta Frantziaren mendean bizitzera behartzen ditu, eta beste batzuk, Espainiari begira eta Espainiaren mendean”, dio Monasteriok, eta hori izango da hitzaldiaren abiapuntua. “Euskal Herriaren egoera menderatuaz eta zatikatuaz arituko zaigu Xabier; baita horrek esan nahi duenari buruz ere”, azaldu dute Orreagakoek.
Hirugarren eta azken hitzaldiaren abiapuntua, aldiz, honakoa izango da: “Zer aditz nagusitu zaizkigu azken 30 urteotan? ‘Eskatu’, ‘salatu’ eta bi hitz horien sinonimoak”. Orain arte erabilitako estrategiez eta horiek eman dituzten emaitzen ariko da Bidegain.