Juan Mari Beltranek flauten inguruko proiektu berria aurkeztuko du larunbatean
Euskal musikaren ikertzaile, eragile eta irudi garrantzitsuenetakoa den Juan Mari Beltran musika instrumentuen inguruko egitasmo berri batekin dator: liburuz eta CDz osatutako Soinu-tresnak euskal herri musikan entziklopedia.
Euskal musika tresnen inguruan duen ezagutza guztiari zabalpena emango dio musikariak entziklopedia honen bitartez. Izan ere, gure herri ondarean erabili izan diren hots soinu tresnen bilduma zabala osatzeko helburuarekin, urtero ale bat argitaratuko du datozen lau edo bost urtetan, musika tresna talde ezberdinen inguruko nondik norakoak xehetasunez azalduz.
Zuzeneko emanaldiaren estreinaldia
Proiektu berri honen zuzeneko estreinaldia hilaren 14an izango da Donostiako Viktoria Eugenia Klubean. Emanaldi berezi honetarako sarrerak eskuragarri daude Donostia Kulturaren webgunean.
Hala, instrumentu horien bereizgarri diren soinuak zuzenean ezagutzeko aukera izango da proiektua aurkezteko prestatutako Txulubite malabite… izeneko kontzertu berezi baten bidez, eta aerofonoen soinu eta ezaugarri desberdinak zeintzuk diren ezagutu ahal izango da emanaldi berezi honetan.
Kontzertuan, Beltranekin batera, Errege Belda (akordeoia), Ander Barrenetxea (ahotsa, atabala, danborra, panderoa eta perkusioak) eta Aitor Gabilondo (ahotsa, gitarra) izango dira Victoria Eugenia Club-eko hitzorduan. Juan Mari Beltranek, bere aldetik, honako musika-tresnak joko ditu: txistua-danbolina, xirula-ttunttuna, flautak, txilibituak.
Euskarri tradizionala eta digitala
Aurten kaleratu du lehen liburu-diskoa Soinuenea Fundazioaren eskutik, eta, esan bezala, aerofonoen multzoko flautek osatzen dute entziklopediaren lehen zatia. Euskal Herrian flauta deritzen haizezko soinu-tresna ugari ditugu; hain zuzen ere, aski ezaguna den txistuaz gain, ezezagun zaizkigun beste hainbat flauta mota ere jo izan dira gure lurretan: abrikot hezurrezko txilibituak, pistoi flautak, xirula, kanaberazko zeharkako flautak eta abar.
“1999an euskal soinu tresnak aurkezteko Euskal Herriko Soinu Tresnak CD-ROM interaktiboa sortu genuen Elhuyar Fundazioarekin, baina material hori zaharkitua geratu da”, azaltzen du Beltranek. Orain, artikulu horiek berritzeaz gain, euskarri fonografiko bat argitaratuko da. Era berean, entziklopedia tradizional moduan proposatzen den egitasmoak Soinuenearen webgunean atal digitala izango du, eta idatziak hainbat material multimediaz osatuko dira.