Landare eta lore azoka egingo dute Grosen
Larunbatean, Groseko Katalunia plazan lore eta landare azoka egingo dute. Goizean izango da irekita, 10:00etatik 14:30era. Hainbat postu izango dira, eta askotariko lore eta landareak erosteko aukera izango da.
Gainera, 11:00etan, tomate haziak banatuko dituzte. Cristina Enea Fundazioak sustatu duen egitasmoa da. Haziera izena du proiektuak, eta tomatearen eta bestelako landareen ereiteari eta landaketari buruzko ezaguerak eta esperientziak partekatzeko aukera emango dio jendeari: “Tomate landareak baratzean landatzeko garaia iritsita, aukera eman nahi diegu herritarrei barietate desberdinak eskuratzeko edo beraien barietateak beste batzuenekin partekatzeko”, adierazi du Cristina Enea fundazioko Haziera ekimenaren koordinatzaile Eneko Calvok.

