Elkarrekin Donostiak neurriak eskatu ditu guraso bakarreko familien egoera hobetzeko
Elkarrekin Donostiak interpelazio bat erregistratu du udalean, datorren asteko udal batzordeetan udal gobernuari eskatzeko guraso bakarreko familien egoera hobetzeko neurriak har ditzala. Hain zuzen ere, eskatuko du familia horiei udal zerbitzu publikoetara eta gizarte larrialdiko zerbitzuetara sarbidea errazteko, baita guraso bakarren kontratazioa sustatzea ere, kontziliaziora egokitutako baldintzekin. “Udal gobernuari eskatzen diogu tokiko eran gara dezala lurraldeko Batzar Nagusiek ezarritako arau esparrua, guraso bakarreko familientzako salbuespenak eta hobariak ahalbidetzen dituzten ordenantza fiskalei dagokienez”, azaldu du koalizio ezkertiarrak ohar bidez.
Era berean, gogorarazi dute Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) pobreziari buruzko azken txostenak “egiaztatu” duela gero eta gehiago direla pobrezia egoerara gerturatzen ari diren guraso bakarreko familiak, bereziki, adin txikikoak bere ardurapean dituen gurasoa emakumea denean. Horregatik, Elkarrekin Podemos-IU koalizioa guraso bakarreko familien egoera hobetzea xede duten egitasmoak aurkezten ari dira hiru lurraldeetako erakundeetan.
Era berean, koalizioak erakunde adierazpen bat erregistratu du udalean, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban ezarri dezala “guraso bakarreko familiaren titulua arautuko duen arau esparrua, tituluaren eta neurri espezifiko guztien sorrera garatuz”. Hain zuzen ere, Iñigo Urkulluren gobernuari eskatzen diote “argi eta garbi definitu ditzala kontzeptu hauek: guraso bakarreko familia, guraso bakarreko etxea eta guraso bakarreko egoera”. Era berean, aldundiei eskatzen diete “ordenantza fiskalen barruan guraso bakarreko familientzako salbuespenak eta hobariak” ezartzeko.
“EAEn, gaur egun, guraso bakarreko 82.200 familia baino gehiago daude, hau da, familia guztien %9,2. Hala eta guztiz ere, familia horiek gizarte bazterkeria jasateko arrisku handiena duten taldeetako bat dira, eta gainerako familia tipologiekin alderatuta, bestelako beharrak dituzte. Beraz, familia mota hauek babestea behar-beharrezkoa da”, gaineratu du Elkarrekin Donostiak.