Hartzaren eta gurbitzaren gerizan
Gauza jakina da Altzan erabateko aldaketa urbanistikoa gertatu zela XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera. Orain ezagutzen dugun Altzaren paisaia orduan sortzen hasi zela esan daiteke, hain berezkoak dituen dorreak eraikitzen hasi zirenean. Lanera etorritako jende xeheari estalpe bat eskaini zitzaion, baina izan ziren beste bide bat hartu behar izan zutenak ere, baliabide are eskasagoak izateagatik. Horietako batzuk Artzaka baserrian lortu zuten beharrezko babesa, eta bertan Aginaga-Otaegitarrekin egin zuten topo.
Penintsulatik etorritako immigrazioa medio, 30 urteko epean ia boskoiztu egin zen Altzako populazioa: 1950ean 9.000 biztanle baino gutxiago zituen; 1981erako, ordea, 42.000 baino gehiago ziren. Garai horiek ondo gogoan dituzte Artzaka baserriko Maria Angeles Otaegi Orbegozo eta Iñaki Aginaga Otaegi ama-semeek. Amak 81 urte ditu. Hemen jaio zen, eta hemen bizi da. Semeak Grosen du etxea, baina «ia egunero» joaten da gurasoen baserrira; ahuntzak beti larrera. Amaz gain, aita, alaba eta alabaren bikotekidea ere Artzakan bizi dira.
Historia handiko baserria da Artzaka, Altzako zaharrenetakoa. Altza gainetik behera doan bidea hartuta, albo banatan eskola eta institutua atzean utzi eta eskuinetara jo behar da hara iristeko. Errepideak berak beste errealitate bat erakusten du: kurba itxia, errepide estua eta ikusmen gutxikoa. Artxipi bidean barna jarraituko dugu, eta, dorre altuak atzean utzi ahala ikusiko dugu Artzaka. Haren inguruan badaude beste batzuk: gertu daude Artxipi, Auditz eta Kastillun.
Baserriaren atarian hartzaren eta gurbitzaren armarria duelako da ezaguna, Arzak leinuko armarria, hain zuzen. Bertan agertzen den irudia Madrilgo Udalak erabiltzen duenaren oso antzekoa da. Bada, baserrian dozenaka lagun bizi izan ziren biztanleriaren gorakadaren urterik nabarmenenetan. Baserriaren parte batean, hobe esanda.
Izan ere, XIX. mendearen bukaerara arte, Arzak familiaren oinetxea izan zen Artzaka. Mendearen azken urteetan, ordea, aurrez Beizamatik Altzara neskame eta morroi joan ziren senar-emazte batzuek baserria erosi zuten, Otaegi-Labakatarrek. Baina ez zuten baserri osoa erosi, eta, orduz geroztik, baserria bitan zatituta dago. Alde batean, Otaegi- Labakatarren oinordekoak bizi dira, Aginaga-Otaegitarrak. Baserriaren beste aldea, berriz, ondoko Auditz baserrikoek erosi zuten, eta euren zatia sei etxebizitzatan banatu zuten: bina etxebizitza pisu bakoitzeko, alokairuan jartzeko. Hortxe hartu zuten ostatu hainbat eta hainbat familiak.
Portugaldik Artzakara, auskalo nola
Altzako hazkunde demografikoa nolakoa, halakoa izan zen Artzaka baserriarena. 1960ko hamarkadatik aurrera baserrira etorkin asko etortzen hasi zen, portugesak gehienak: «Gutxi gorabehera gu ezkondu ginenetik, orain dela 58 urte, gaur egun arte beti egon da jendea», aipatu du Otaegik. 1970eko hamarkadan ia 100 pertsona bizi ziren baserrian, baina «zortzi lagun baserriaren alde batean bizi ginen, eta beste aldean, 91», egin du ñabardura Aginagak. Artzakara pobreenetan pobreenak joaten ziren. Semeak dio hasieran etortzen zirenak «oso baldintza txarretan» bizi zirela, alokairuaren prezioa ere halakoa baitzen: «Beheko aldea, adibidez, ukuilua zen, eta hor ardi eta simaur artean egiten zuten lo. Argirik eta urik ere ez zuten». Beraien aldean egoera hobea zen, bai, baina ez pentsa haiek ere luxu handirik zutenik, garai hartan Artzaka «500 urteko baserri zahar bat» baitzen. «Gu ganbarara joateko beldurrez egoten ginen, hankak zuloetan sartuko ote genituen beldur», ekarri du gogora Otaegik.
Denbora joan ahala, baserrian egoera hobetzen joan zen, eta etorkinek etortzen jarraitu zuten, baina joan ere egiten ziren. Batzuk bost urtez egoten ziren, beste batzuk hamar urtez, zenbait kasutan hogei urtez ere bai. Bada baserrian 48 urte daramatzanik ere, baina normalean jendeak hamar edo hamabi urte pasatzen zituen. Familiak ere etortzen ziren, baina ohikoenak gizonezko gazteak izaten ziren, 18-20 urte ingurukoak. Gehienak ezkonduta ateratzen ziren hemendik. Emakumezkoak ez ziren inoiz bakarrik etortzen, «etortzekotan, ezkonduta etortzen ziren, senarrarekin batera». Batzuk joan ahala, ordea, beste batzuk sartzeko zain egoten ziren, eta Aginaga-Otaegitarrak beti galdera berarekin bueltaka: «Nola liteke hain urrutitik Artzakara etortzea?». Batek daki nola izango zuten Altzako muin honetan dagoen baserriaren berri, orduan ez baitzegoen egungo baliabiderik. Ez da erraza imajinatzea informazioa zein bidetatik jasoko zuten, baina beharrak agintzen duenean, aurrera ateratzen iaioa dela erakusten du gizakiak.
Inork ez baitu bere sorterria gustuz uzten. Hango bizitzatik ihesi etortzen ziren, Portugalen zuten egoera «kaskar samarra» baitzen. Hemen, behinik behin, dirua egiteko aukera zuten: «Etorri eta berehala, lana topatzen zuten: igeltsero, itsasoan, apopilo… Dirua irabazten zuten, bai, baina lan asko eginda», azpimarratu du Aginagak. Gastatu, ordea, apenas gastatzen zuten: «Alde horretatik zuhur samarrak ziren. Ogi bat erosi ordez, erdia erosten zuten. Arraina, 200 gramo beharrean, 125. Behin harro-harro esan ziguten Gabonetarako kiloko legatza ekarri zutela, zazpi pertsonarentzat. Pentsa, zazpi ziren familian, eta kilo bateko legatza. Eta hori Gabonetan». Baina haiek ondo zekiten zein helbururekin etortzen ziren hona: «Esaten zuten hemen dirua egiten zutela, euren herrietara eramateko». Amak jarri die azpimarra semearen hitzei: «Bai, gero Portugalen sekulako etxeak egiten zituzten, igerileku eta guzti».
Etortzen zirenei buruz, hitz onak baino ez dituzte Aginaga-Otaegitarrek: «Borondate oneko jendea zen, eskuzabala, eta guri asko lagundu digute». Komunitate bat osatzen zutela ere esan daiteke: «Gurekin harremana zoragarria zen: esnea, barazkiak… dena hemen hartzen zuten. Eta guk esku bat behar genuenean belarretarako, astotarako, patata ereiteko… beti prest zeuden. Izugarria zen, oso polita». Dena den, emakumeen paperak pisu nabarmenagoa zuen baserriaren egunerokoan, laguntza gehiago eskaintzen zuten: «Gehiago sartzen ziren baratzean», dio Otaegik.
Beti egon da lan asko baserrian, baina dena ez zen lana izango, eta elkartze horiek ordu txikiak arte luzatu ohi ziren. Aginagaren hitzetan: «Afaldu, esate baterako, ia-ia egunero elkarrekin afaltzen genuen. Guk mahaia eta jatekoa jartzen genuen, eta eurek Portotik ekarritako ardo botilak. Ia gauero festa bat zen».
«Filho, pero como falas en vasco!»
Kanpotik jendea etortzen hasi aurretik, Artzaka baserrian beti euskaraz hitz egiten zen. Etorkinek euskararekin zuten harremanaz galdetuta, aitortu digute gurasoek ez zutela euskara ikasten, baina ume guztiek dakitela euskaraz, Aginaga-Otaegitarrek «umeei dena euskaraz» egiten baitzieten. Jolastu ere elkarrekin egiten zuten, eta oso azkar egiten ziren hizkuntzaren jabe: «Umeek guri euskaraz entzuten ziguten, eta ikasi egiten zuten. 3-4 urterekin bikain aritzen ziren». Baina hitz egiten zuten euskara ez zen eskolakoa bezain garbia, «baizik eta baserrikoa, guk hitz egiten dugun bezala», Aginagak. Umeen gaitasuna ikusita, gurasoak harrituta geratzen omen ziren: «Filho, pero como falas en vasco!», esaten omen zieten. Dena den, horrek guztiak etxe barruko hizkuntz ohiturak ez zituela sekula aldatu aipatu du bertako semeak, eta egun ere hala jarraitzen dute: «Guk beti euskara mantendu izan dugu gure hizkuntza moduan. Familian beti euskaraz egin dugu».
Bertako amonari, ordea, gerra bizitatakoa bera, hizkuntzarekiko beldurra nabaritzen zitzaion: «Gogoratzen dut amonak esaten zuela beldurra ziola euskaraz hitz egiteari. Gu txikiak ginen, baina oroitzen dut nola esaten zuen: «Ixo! ixo! hitz egin erdaraz, igual etorriko dira eta». Bere alabak ere ez dauka ahazteko amonaren «ikara»: «Hura ez zen ohera sartzen ohe azpia begiratu gabe. Zer biziko zuen horrek!».
Gerra garaian guardia zibilak baserrira joaten zirenekoa ekarri du gogora amak, amonari entzunda: «Gogoan dut amak nola esaten zuen gerra denboran Guardia Zibilak-edo etortzen zirela, eta nahi zuten ganadua hartu eta hil egiten zutela. Ukuilura sartu eta beraiek nahi zutena eramaten zuten, eta guk eramaten utzi behar. Kobratu eta ezer egin gabe, noski». Biak bat datoz, amona «oso beldurtia» zen, ikusi behar izan zuena ere halakoa izan baitzen, segur aski. Aginaga: «Bere ohiturak, arrazoiak eta bizipenak hor daude. Gerra batek, azkenean, auskalo zer uzten duen buruan. Hori ez dugu sekula ulertuko, ezta nahi ere».
Hala ere, gauzak nola diren, amonak apenas zekien gazteleraz. Lehen ohikoa zen eran, denbora asko pasatzen zuen baserri atarian, eta, behin, bertako bizilagun baten aita etorri zen, gaztelerarik gabea hura ere, portuges itxia: «Hura zen itxia!», egin du azpimarra Otaegik. Bada, «zertaz eta nola ulertzen ziren, ez dakigu, baina biek orduak eta orduak pasatzen zituzten hizketan».
Ekaitzaren osteko barealdia
Garairik mugituenak atzean utzita, Artzakan jada ez dago pasa den mendeko bigarren erdialdean egon zen joan-etorririk. Orain dela hemezortzi bat urte baserria konpontzeari ekin zioten: «guk gure zatia eta beraiek beraiena». Eraberritzea «egin beharra zegoen, oso zaharra baitzegoen». Hori bukatuta, Auditz baserrikoek euren zatia saldu egin zuten. Hasieran, bertan alokairuan bizi zirenei eman zieten etxebizitzak erosteko aukera, kanpotik inor sartu aurretik. Bakarra geratu zen, eta beste guztiek alde egin zuten. Orain jende gazteagoa bizi da, eta bakoitza bere pisuaren jabe da.
1970eko hamarkadan egon ziren dozenaka lagunekin alderatuta, egun 25 lagun inguru bizi dira Artzaka baserri osoan: «Gure aldean, lau: gurasoak, alaba eta bikotekidea; eta, bestean, hogei bat». Hala ere, egun berezietan gehiago elkartzen dira, semea bera horren erakusgarri: «Ni ere ez naiz bertan bizi, baina ia egunero etortzen naiz».
Lehen Artzakan bizi izandako batzuk ere etortzen jarraitzen dute. Orain dela gutxi joan direnak, «ia-ia asteburuero. Baratze mutur bat daukate eta hor ibiltzen dira». Baina lehenago alde egindakoak ere etorri izan dira, bisitan. Aste Santuan, esaterako, familia bat etorri zen, «ama orain dela 40 urte joandakoa». Senarra, alaba eta hirurak etorri ziren. Elkar ikusi zutenetik hainbeste urte pasa baziren ere, Otaegi segituan jabetu zen nor zen, eta, «Rita!», egin zion oihu. Rita harrituta geratu zen, baina bi gauzengatik: Otaegik ezagutu egin zuelako, batetik; eta baserriaren egoeragatik, bestetik. Ez omen da lehenengo aldia, dio Aginagak: «Batzuk damutu ere egiten dira alde egin izanaz, ez baitu zerikusirik baserria orain nola dagoen eta berrikuntza aurretik nola zegoen».
Baserrian errelebo falta
81 urte izanagatik, sasoiko dago ama, eta oraindik ere bera da baratzean gehien aritzen dena. Baina ez dira garai onenak baserritik bizi nahi duenarentzat. Etorkizunaz galdetuta, biek ere nahiko beltz ikusten dute. Semeak: «Nahiagoko nuke gurasoak 100 urte biziko balira, baina, eurak desagertzean, baratzea ere desagertu egingo da». Izan ere, zaila da kanpotik datozen tentazioei eustea: «Hemen bakoitzak gure lana daukagu baserritik kanpo. Orduan, zure lanetik denbora kentzen duzu —orain hori egiten dugu— edo bestela baserriak ez du ematen. Eta kanpoko lan ziurtatu hori hona etortzeko uztea arriskutsua da».
Baserri bizitza ikusten du kolokan Aginagak: «Baserria eta lurra bai, mantendu ditzakezu. Eta orain hala egiten dugu: etxerako egiten dugu baratzea. Nik uste dut gehiago terrenoak ez zikintzeagatik, laharrak eta osinak ez jateagatik, dirua egiteagatik baino».
Otaegik dio eurak «beti» aritu izan direla baratzean, «baina librean». Hortaz, norbaitek baserriarekin jarraitu nahiko balu, «ematea nahi bada», egungo beharretara egokitu beharko litzatekeela: negutegiak, traktoreak, makineria… Semeak orain baserriaz bizitzeko apustu sendorik egiteko adina indar ez duela aitortu du: «Igual 20 urterekin pentsatuko nuke, baina 56rekin ezta pentsatu ere».
Baserria «gozamena» iruditzen zaion arren, ordu asko sartu behar dira, eta «nekatu ere egiten zara». Gazte zen garaian nola ibili zen ederki gogoratzen du: «Guk ganadua izaten genuen, baina aitak kamioiarekin egiten zuen lan. 06:00etan ateratzen zen etxetik. Orduan, amaren anaia, mutilzaharra, geratzen zen hemen baserriko lanak egiten. Hark egiten zituen lanik gehienak. Eta, aita etortzen zenean, lanera. Ni ere, tailerreko lanak bukatzen ditudanean, baserrira joaten naiz lanera».
Animaliek konpromiso are handiagoa eskatzen dutela dio, haiekin jaiegunik ez baitago, «goiz-goizetik hasita, gainera. Guk horrekin gutxiago sufritu dugu, baina gurasoek-eta asko». Amaren hitzek itxi dute hausnarketa: «Esnea goizean goiz jetzi eta gero, Altzara eraman, 40 kiloko zama agian… gogorra da».