Luxuzko hotel bihurtuko dute Arte Ederrak eraikina
SADE enpresa eta Hilton hotel katea akordio batera iritsi dira, eta Curio bildumako hotel bat izango da 2024an. Antzoki ezaguna «babesik gabe» utzi dutela salatu du Ancora elkarteak.
Prim eta Urbieta kaleek bat egiten duten izkinan dago Arte Ederrak eraikina. Lau hamarkada daramatza itxita eta erabilerarik gabe. SADE enpresak, eraikinaren jabeak, hamarkada bat zeraman beste erabilera bat emateko asmoarekin. Azkenik, aste honetan argitu dute garai batean zinema antzoki izan zenaren etorkizuna. Hilton luxuzko hotel katearekin egindako akordioaren ondoren, 2024an luxuzko hotela izango da. Hilton katearen Curio bildumako hotelak 82 logela, taberna eta jatetxea izango ditu.
Esteban Basterretxea SADEko zuzendari nagusia pozik agertu da «hiriko eraikinik esanguratsuenetako bati» erabilera bat emango diotelako. Hitzartutako frankizia ereduari esker, SADEk hotelaren kudeaketa bere gain hartu eta bere markaren helburuari eutsiko diola nabarmendu du: «Gozamenerako esperientziak eskaintzea, Donostiako kulturarekin duen loturatik abiatuz».
«SADEren erantzukizuna da»
Eneko Goia alkateari SADEren eta Hilton multinazionalaren arteko akordioaz galdegin zioten asteartero egin ohi duen prentsa agerraldian. Goiak gogorarazi zuen Arte Ederrak eraikinari soilik hirugarren sektoreko erabilera eman ahal zaiola: «Zinema antzoki bat izan zen, eta merkataritza zentro bat, hotel bat eta apartamentuak har ditzake, besteak beste». Horrekin batera, alkateak adierazi zuen eraikinaren jabea SADE dela, eta udalak enpresa horrekin duela harremana. «Obra lizentzia bat eskatu zuten, eta baldintzak bete dituzte. Hortik aurrera, eraikinean zer jartzen duten SADEren erantzukizuna da, eta ez udalarena».
Akordioaren ahots kritikoak
Ancora elkartea, EH Bildu, Ezker Anitza eta Ahal Dugu alderdiak kritiko azaldu dira SADEk lorturiko akordioarekin, eta Arte Ederrak eraikina hotel bihurtzearen erantzukizuna «udal gobernuarena» dela adierazi dute. Ancorak salatu du eraikina «babesik gabe» utzi dutela: «Jatorrizko eraikinaren %20 baino ez da mantenduko etorkizunean».
«Eneko Goia alkate denetik hirian ireki diren 45 hotelei gehitu behar zaiela», nabarmendu du EH Bilduk. «Goiak turismoaren negozioari egindako sermoi politika erakusten du», adierazi du Ezker Anitzako Haizea Garaik. Ahal Duguko Aitzole Aranetak, berriz, esan du «hiri honetan gertatzen ari den eraldaketaren beste urrats larri bat» dela.