Martutene Bizirik plataforma sortu dute, "auzo duin bat aldarrikatzeko"

Martuteneko hainbat familia elkartu egin dira, eta Martutene Bizirik plataforma sortu dute, auzoak pairatzen duen “utzikeria” salatzeko eta “auzo duin bat aldarrikatzeko”. Urtarrilean Arantzazuko Ama ikastolan auto batek izandako istripuaren harira hasi ziren elkartzen, gune horretako segurtasun falta salatzeko. Orain, ordea, beste salto bat ematea erabaki dute, eta auzoaren alde mobilizatzen hasiko dira.
Plataformako kide Laida Etxeberriak eman du horren guztiaren berri sare sozialetan, eta iragarri du larunbatean egingo dutela lehenengo mobilizazioa. Hain zuzen ere, larunbatean inauguratuko dute Sarrueta pasealeku berria, eta hainbat agintari eta prentsa hara joango denez, euren aldarrikapenak ikusarazteko aprobetxatuko dute. Pasealekuaren ondoan elkarretaratuko dira, Trinkete tabernaren inguruan, 09:50ean, “kartelekin eta musika tresnekin, auzo duin bat aldarrikatzeko”. “Martuteneko familiak abandonatuta sentitzen gara, eta gutxieneko baldintzak betetzen dituen auzo bat nahi dugu”, gaineratu du Etxeberriak.