Auzo duin baten alde mobilizatu dira
Martuteneko Sarrueta pasealekua berria ireki zuten atzo, eta Martutene Bizirik mugimendu sortu berriak protesta baketsua egin zuen pasealekuan bertan. Salatu dutenez, Ertzaintzak ez zien utzi ekitaldi ofizialera 200 metro baino gutxiagora hurbiltzen.
“Hainbat agintari inauguraziora etortzekoak zirenez, hainbat herritar elkartu ginen, jai eta aldarrikapen giroan, gure eskaera entzun zitezen”, adierazi du mugimenduak. “Eskatzen dugun premiazkoena da ikastolaren inguruko bideen segurtasuna hobetzea, errepidez inguratuta baitago. Urtarrilean gertatu zen istripu larri baten ondoren, udalak esan zigun zirkulazioa lasaitzeko presazko esku-hartze bat egingo zutela, baina lau hilabete daramatzagu zain, eta datorren hilean bukatzen da ikasturtea”.
Eskaeren zerrenda luzea dela gaineratu dute: “Zubi berria auzoarekin lotzeko asmatu zen kurbaren segurtasun arazoa; udal garbitasun zerbitzu eskasa; gasolindegi abandonatua; urteak eta urteak bukatu gabe daramatzan behin-behineko biribilgunea; Dbusen geltokiak oso prekarioak dira; Renferen geltokia; duela bi urte Kutxa kendu zuten eta pertsona asko –batez ere, adinekoak–, zuzeneko arreta zerbitzurik gabe utzi zituzten; eta Madam Curie parkeko puntu kritikoa”.