Sarrueta pasealeku berria ireki dute
Oinezkoek, bizikletek eta ibilgailuek dagoeneko Martuteneko Sarrueta pasealeku berria erabili dezakete. Atzo ireki zuten 27 industrialdeko biribilgunea eta Martutene auzoa lotzen dituen bide berritua. Errepidea noranzko bakarrekoa da ibilgailuentzat; industrialdetik Martutenera doana. Era berean, Apostolutzako ertzean sortutako oinezkoentzako bidea ireki dute.
Ia hiru urte bete dira Uraren Euskal Agentziak (URA) Urumea ibaiaren uholde arriskuak saihesteko lanen bigarren fasea abiatu zuenetik. Fase honek 500 metroko zatiari eragiten zion Martuteneko eta industrialdeko zubien artean. Eremua guztiz eraldatu da eta Martutene auzotik El Pilar eremuraino doan pasealekuaren luzapena da –lanen lehen fasean 850 metroko pasealekua sortu zen Martuteneko zubi berritik gora–, eta Txomiñenera doan bidearekin lotura egiten du, Kursaal zubiraino doan sei kilometrotako ibilbidea osatuz.
Eneko Goia alkateak adierazi du sortutako gune berri honek Martutenen dauden aisialdirako guneak handitzen dituela, eta era berean, auzoaren eta 27 industrialdearen zein Txomiñenearen arteko oinezkoen zein bizikleten lotura hobetzen duela: “Donostiar guztion gozamenerako gunea berreskuratzea lortu da, eta horri esker, Urumea ibaiaren ibar osoan paseatzeko aukera dugu, Martutenen hasi eta Kursaaleraino”.
Pasealeku berriarekin Martutenen Urumearen ubidea zabaltzeko proiektuaren bi faseak bukatutzat eman dituzte. Erakunde publikoek 35 milioi euroko inbertsioa egin dute, eta lanak zazpi urtez luzatu dira.
Hona hemen Sarrueta pasealekuaren argazki bilduma: