Belartzako betelan ilegala erretiratzeko eskatu dio EH Bilduk udal gobernuari, beste behin ere
Laster hiru urte beteko dira EAEko Auzitegi Nagusiak Belartza Goikoa eremuan egindako isurketa ilegala zela ebatzi zuenetik. Zehazki, 2019ko ekainean plazaratu zuen sententzia. Valeriano Urrutikoetxea enpresa arduraduna eta Donostiako Udala zigortu zituen. Bata isurketa egiteagatik, eta bestea isurketa hori egiteko baimena emateagatik.
Enpresak uko egin zion harriak erretiratzeko aginduari, eta, ondorioz, udalak modu subsidiarioan hartu zuen ardura. Hain zuzen ere, iazko apirilean abiatu zuen udalak harri isurketa ilegala erretiratzeko prozesua. Aldiz, iazko azaroan Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak adierazi zuen udala kontratu bat prestatzen ari zela isurketa ilegala erretiratzeko lanak adjudikatzeko. Obraren aurrekontua ere jakinarazi zuen; 1,3 milioi euro.
EH Bilduk kontratu horren inguruan galdegin dio gaur udal batzordeetan udal gobernuari. “Kontratuaren baldintza agiriak bukatzen ari direla erantzun dute”, adierazi du EH Bilduko zinegotzi Ricardo Burutaranek. “Kezkagarria eta deigarria da udalaren utzikeria. Udal gobernuak baldintza agiria hilabetea bukatu aurretik bukatzen ez badu, beste neurri batzuk hartu beharko ditugu”, gaineratu du.