70 kontzertu eta ikuskizun baino gehiago eskainiko ditu 83. Musika Hamabostaldiak
Musika Hamabostaldiaren 83. edizioa abuztuaren 2an hasiko da, eta abuztuaren 27an bukatuko da. Lau aste horietarako hirurogeita hamar kontzertu eta ikuskizun baino gehiago antolatu dira, baita Organo Erromantikoaren 38. Nazioarteko Ikastaroa eta beste hainbat ekitaldi paralelo ere. Hona hemen Kursaal Auditorioko eta Victoria Eugenia Antzokiko programazioaren aurrerapena:
Jonh Eliot Gardiner zuzendariak, English Baroque Soloists ensemblearen eta Monteverdi Choir talde koralaren gidari, Kursaal Auditorioko kontzertu handiak inauguratzeko ardura izango du (abuztuak 2). Ganbera talde moduan, Carissimi, Scarlatti eta Schutz konpositoreen obraz osatutako programa interpretatuko dute (XVII-XVIII mendeak).
25. urteurrena ospatzen ari den Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) agertokia Kanariar Uharteetako Orkestra Gaztearekin (JOCAN) partekatuko du (abuztuak 5) Mahler konpositorearen 3. sinfonia interpretatzeko, obra horrek eskatzen duen interprete talde zabalari erantzunez. Victor Pablo Perez zuzendariak gidatuko du kontzertua, kanariar orkestraren titular eta historian zehar Hamabostaldiko podiumean aldi gehienetan aritu den zuzendariak, hain zuzen. Ahotsei dagokionez, 2021ean Francisco Viñas Nazioarteko Kantu lehiaketa irabazi zuen Carmen Artaza mezzo donostiarrak interpretatuko ditu IV eta V mugimenduetako testu trinkoak.
Aurten 125 urte betetzen dira Pablo Sorozabal (Donostia, 1897 – Madril, 1988) jaio zenetik eta, ospatzeko, Hamabostaldiak La tabernera del puerto (“Portuko tabernako neska”) zarzuelaren kontzertu bertsioa berreskuratuko du (abuztuak 7). 1936ko apirilean estreinatu zenean arrakasta itzela izan zuen eta donostiar konpositorearen pieza garrantzitsuenetakoa da. Lan horrekin zarzuela Hamabostaldira itzuliko da hogeita bost urteren ondoren. Unai Urrechoren zuzendaritzapean, Sorozabalen obra interpretatuko dute Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS), zeinak lehen mendea betetzen duen aurten, Landarbaso Abesbatzak nahiz Miren Urbieta-Vega eta Aneka Gorrotxategi protagonista izango dituen bakarlari taldeak.
Abuztuaren 12an eta 14an Kursaalak La Fille du Régiment (G. Donizetti) opera komikoaren ekoizpen berri baten estreinaldia hartuko du, Musika Hamabostaldiak Guillermo Amayari enkargatutakoa. Jordi Bernàcer musika zuzendariaren gidaritzapean, rol nagusiak Elena Sancho-Pereg sopranoak eta Xabier Anduaga tenorrak interpretatuko dituzte. Azken aldiko euskal ahotsik aipagarrienak diren bi donostiarrek lehen aldiz kantatuko dute elkarrekin beren jaioterrian. Euskadiko Orkestra zulogunetik aritzeaz gain, Easo Abesbatzak ere hartuko du parte.
2022an berrogei urte betetzen dituen Euskadiko Orkestra Kursaalera itzuliko da (abuztuak 20) Wayne Marshall zuzendari duela, eta Indira Mahajan sopranoak, Eric Greene baritonoak eta Andra Mari Abesbatzak lagunduta, musika amerikarrez osatutako programa eskaintzeko: Gershwin-en Rhapsody in Blue eta Porgy & Bess operako hautaketa emango dute.
Alemaniako orkestra aktiboenetakoa den Frankfurteko Irrati Orkestra Hamabostaldira itzuliko da (abuztuak 21) Alain Altinoglu titularrarekin, berrogei urtetan zehar jaialdiarekin izandako harremana berretsiz. Altinoglu 21-22 denboralditik da orkestrako zuzendaria, baita Bruselako La Monnaierena ere 2015etik. Bomsori Kim biolinista izango du lagun Sibelius konpositorearen Biolinerako kontzertua interpretatzeko eta Vocalia Taldea Debussy-ren Nocturnes-en azken mugimenduari aurre egiteko. XX. mendearen lehen erdia zeharkatzen duen eskakizun handiko programa osatuko dituzte Verdi-ren La Forza del destinoko oberturak eta Weinberg-en Orkestrarako suiteak.
Václav Luks-ek sortutako Collegium 1704 musika barrokoko orkestra eta ahots taldea da edizio honetako berrikuntza aipagarrienetako bat. 2005ean Collegium 1704 Orkestra Barrokoa eta Collegium Vocale 1704 sortu zituenetik, konpositore barrokoen eta bereziki txekiarren ondarea berreskuratzen eta ezagutzera ematen dihardu. Ildo horretan, Haendel konpositorearen Dixit dominus eta Zelenka, garaiko konpositore txekiar garrantzitsuena izandakoaren Missa omnium aurkeztuko ditu Donostian.
Musika txekiarra Kursaaleko kontzertu handien azken txanpan ere izango da protagonista, Txekiar Orkestra Filarmonikoaren eskutik, zeinak Semyon Bychkov titularraren batutapean bi kontzertu (abuztuak 26 eta 27) emango dituen. Lehenengoan Mahler konpositorearen 7. sinfonia interpretatuko du, talde txekiarrarekin harreman estua duena, 1908ko irailean estreinatu baitzuen orkestrak sinfonia, konpositoreak berak zuzenduta.
Txekiar filarmonikoaren bigarren kontzertuak (abuztuak 27) emango dio amaiera 83. Donostiako Musika Hamabostaldiari. Itxiera horretarako, Bychkov maisuak hiru egile txekiar handiri eskainitako programa osatu du: Dvorak, Martinu eta Janacek. Kontzertua Dvoraken Inauteri obertura-rekin hasiko da; jarraian, Katia eta Marielle Labèque pianistek, orkestrarekin batera, Martinuren Bi piano eta orkestrarako kontzertu ezohikoa interpretatuko dute; emanaldia ixteko, Janaceken Meza glagolitico joko dute, Evelina Dobračeva sopranoarekin, Lucie Hilscherová mezzoarekin, Aleš Briscein tenorrarekin, Jan Martiník baxuarekin eta Donostiako Orfeoiarekin.
Era berean, dantza ikuskizun bat eta piano errezital bat ere izango dira Victoria Eugenia Antzokian:
Ballet Flamenco de Andalucía (abuztuak 17) dantza konpainiak bere El maleficio de la mariposa (“Tximeletaren sorginkeria”) interpretatuko du. 1920an García Lorcak antzerkian debutatu zuen lan honekin. 2021ean Úrsula López zuzendari duen konpainiak ekoizpen hau estreinatu zuen, XXI. mendeko soinuaren, eszenografiaren eta jantzien bidez, aurreko mendeko koreografiak birsortzeko.
Víkingur Olafsson pianista Donostiara etorriko da (abuztuak 22) bere proiektu diskografiko berria aurkeztera: Mozartek 1780ko hamarkadan konposatutako piezen hautaketa bat. 19-20 denboraldian Berlingo Orkestra Filarmonikoko egoiliarra izan zen islandiarra, eta New Yorkeko Juilliard School ospetsuan egin zituen ikasketak.
Sarreren salmenta orokorra ekainaren 20an hasiko da. www.musikahamabostaldia.eus webgunean nahiz Kursaal eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eskuratu ahal izango dira.