Apustuen aurkako dinamika egiten ari da Alde Zaharreko Gazte Asanblada
Alde Zaharreko Gazte Asanbladak auzoko apustu etxeen aurkako dinamika abiatu zuen martxoaren hasieran, eta zenbait ekintza egiten ari dira ordutik, mezu argi batekin: “Haien negozioa gure miseria, ez dezatela zurekin jolastu! Gazte, ez egin apustu!”. Salatu dutenez, “basakeria kapitalistaren adierazpen argiak dira joko aretoen, kasinoen, tabernetako apustu makinen, apustu etxeen eta loteriaren moduko negozioak”.
“Langileoi jokoaren edo apustuaren bitartez bizi dugun miseria egoeratik ateratzeko eta bizi baldintzak hobetzeko diru iturri erraz bezain bizkorrak lortzeko aukera dugula sinestarazten digute”, gaineratu dute, baita nabarmendu ere errealitatea “guztiz kontrakoa” dela: “Diru iturri baino, diru galera dakar nahitaez”. Era berean, deitoratu dute “mendekotasun kontrolaezina” sortu dezakeela, eta, horregatik, ezin dutela apustu arduratsuaren alde egin. Gazte asanbladaren ustez, “politikari profesionalek ez dute inolako gaitasunik arazo honi aterabide erreal bat emateko, euren funtzioa irabazi kapitalistak bermatzeko kudeaketa burutzea baita”. Horregatik, “langileriari eta, bereziki, gazte langileei antolakuntzarako deia” egin diete.
Azaldu dutenez, Parte Zaharrean “denetariko adibideak” daude: “Joko aretoa, El Gran Casino, Reta, loteria saltzaileak eta hamarnaka tabernatan apustu egiteko makinak. Gainera, egunero ikusten ditugu geure inguruko gazteak dirua xahutzen esperantza faltsuen mende”.
Ekintzak auzoan
Martxoan hasi zuten egitasmoa, sare sozialetan apustuen inguruko inkesta batekin, datuak lortzeko. Era berean, auzoan apustuen aurkako hainbat pankarta eta kartel jarri dituzte, kaleetan zein apustu etxeen, kasinoaren eta loteria denden atarietan. Bestalde, hilaren hasieran Sarriegi plazako Reta apustu etxearen aurkako ekintza egin zuten, pankartak jarriz eta kanpoaldean margoketak eginez. Horrez gain, berriki, ostiralean, apustuak egiteko makinak dituzten auzoko tabernetan gutunak banatu zituzten, makinak kentzeko eskatuz.
Kirol apustuak Donostian
Haritik Hirira geografo taldeak Donostian kirol apustuak egiteko makinak dituzten lokalen ikerketa egin zuen 2021ean, auzoz auzoko datuekin. Ordea, Parte Zaharreko datuak ez zeuden bere horretan, Erdialdekoen barruan baitzeuden. Hain zuzen ere, Erdialde osoan kirol apustuak egiteko makinak zituzten hamabost lokal zeuden orduan. Era berean, ikerketa horren ondorio nagusia adierazgarria zen: kirol apustu makina gehienak errenta baxuena eta langabezia altuena zuten auzoetan zeuden.
Horren harira, IRUTXULOKO HITZAk apustu etxeen inguruko erreportaje mamitsua ondu zuen 2021eko apirilean, baita kirol apustuekiko mendekotasuna zuen pertsona batekin hitz egin ere.
⬇️Zabaldutako inkestan parte hartu gazteen arabera datu hauek atera ditugu!
— Alde Zaharreko Gazte Asanblada (@AZgazteak) April 6, 2022
????
HAIEN NEGOZIOA, GURE MISERIA!
EZ DEZATELA ZUREKIN JOLASTU!
GAZTE, EZ EGIN APUSTU! pic.twitter.com/lQH9cpzyhd
Alde Zaharreko gazteok argi dugu: APUSTU ETXERIK EZ!
— Alde Zaharreko Gazte Asanblada (@AZgazteak) May 6, 2022
????
HAIEN NEGOZIOA, GURE MISERIA!
EZ DEZATELA ZUREKIN JOLASTU!
GAZTE, EZ EGIN APUSTU! pic.twitter.com/2D4FR6Tp8D
Gaur arratsaldean auzoan apustu makinak dituzten taberneetara joan gara eskutitz baten bidez hauek kentzeko eskatuz.
— Alde Zaharreko Gazte Asanblada (@AZgazteak) May 13, 2022
????
HAIEN NEGOZIOA, GURE MISERIA!
EZ DEZATELA ZUREKIN JOLASTU!
GAZTE, EZ EGIN APUSTU! pic.twitter.com/blL7IOeQxV