Goiak uste du "arduragabea" izango litzatekeela Basque Culinary Center-en proiektuari ezetz esatea
Pasa den astean aurkeztu zuten Basque Culinary Center-ek (BCC) Groseko Okendo Alde eremuan eraikiko duen eraikin berria, Olatuen bidea, eta gaiak askotariko iritziak sortu ditu hirian. Besteak beste, udalaren jabetzako lursail bat unibertsitate pribatu bati lagatzeagatik eta Grosen gelditzen diren azken berdeguneetako bat desagerraraziko duelako. Hain zuzen ere, proiektuaren harira sortutako askotariko kritikei buruz galdetuta, Eneko Goia alkateak barre artean adierazi du hori “beti” horrela izaten dela eta “aberasgarria” dela. Horrela ere, nabarmendu du hiriarentzat ona izango dela eta ezin zaiola ezetz esan: “Zuzenean inor aipatu gabe, baina zertaz hitz egiten ariko ginateke gaur hemen, esango baligute proiektu hau Donostia ez den beste leku batean egingo dutela? Eusko Jaurlaritzak esaten dit hemezortzi milioi euroko inbertsioa egiteko prest dagoela, aldundiak esaten dit sei milioi jartzeko prest dagoela eta BCC-k esaten dit beste bi milioi jartzeko prest dagoela… Proiektuan sinesten dute, eta hemen egin nahi dute. Donostiak zer esango du? Ezetz, Donostian ezetz? Bada, nik uste dut ez dugula hori egin behar”.
Era berean, bere aburuz, BCC-ren proiektuak Donostiari emango dizkion aukerak aprobetxatu behar dira: “Hiriaren posizionamenduaren ikuspegitik, proiektuak Donostian egon behar du, ez daukat inolako zalantzarik. Gainera, aukera handiak irekitzen dizkigu ikerketaren, berrikuntzaren eta talentuaren arloetan, eta ezin ditugu aukera horiek ez aprobetxatu. Donostiak ezin dio ezetz esan horri, benetan, uste dut arduragabea izango litzatekeela gure aldetik”.
Laster onartuko dute lagapena
BCC-k dagoeneko proiektua aurkeztu badu ere, udalak oraindik ez du lur eremuaren lagapena onartu. Hain zuzen ere, aste honetako tokiko gobernu batzordean ziren onartzekoak, baina azkenean ez da hala izan. Hala ere, horri buruz galdetuta, Goiak adierazi du “iristen” ari dela: “Hurrengo tokiko gobernu batzordean edo bestela hurrengoan onartuko dugu plan berezia”.
Bestalde, Okendo Alde eremuan beste bi lursail daude, 1.350 metro koadrokoak, BCC-ren eraikinak hartuko duenaz gain: Larramendi gasolindegiaren atzealdean dagoena eta Manteo kiroldegiaren ondoan dagoena. Hain zuzen ere, alkateak gogorarazi du 2010eko Plan Orokorrak aurreikusten duela lursail horietan gazteentzako eta adinekoentzako 90 etxebizitza eraikitzea, eta hala egingo dutela, Plan Orokorrak hala jasotzen duelako.