Kontxako barandako lanak aurrera doaz
Donostiako Udalak martxoan onartu zuen Kontxako barandako beste zati bat berritzeko kontratazio espedientea, eta azken egunotan hasi dituzte lanak. Gutxi gorabehera, Errege Etxetik Antiguako tunelera doan 120 metroko zatian egiten ari dira esku hartzea, eta baranda berritzeaz gain, hondartzara ematen duen horma konpontzen eta handitzen ari dira. Lanek 793.672 euroko aurrekontua dute, eta bost hilabete barru amaituta egon beharko lukete.
Udala aspaldi hasi zen Kontxako baranda berritzen, eta lanen kostua dela eta, hainbat fasetan ari dira egiten, zatika. Hain zuzen ere, egunotan berritzen ari direna “azken-aurren” zatia izango zela adierazi zuen Eneko Goia alkateak martxoan. Horrela, hau amaitzean, 150 metroko zati bat geldituko da berritzeke, eta alkateak azaldu zuenez, esku hartze hori datorren urtean egitea aurreikusten du udalak.