Udalak 282 lanpostu publiko eskainiko ditu
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak 2022ko Lan Eskaintza Publikoa (LEP) onartu du, eta 282 plaza eskainiko dituzte guztira, alde baterako enplegua “egonkortzeko” helburuarekin, Eneko Goia alkateak azaldu duenez. Hain zuzen ere, 207 plaza (%70) aldi baterako langileen egoera egonkortzeko izango dira.
207 plaza horietatik, 174 lehiaketa bidez adjudikatuko dituzte, salbuespen gisa; beste 33ak, aldiz, lehiaketa-oposizio sistemaren bidez adjudikatuko dituzte. 2018ko eta 2019ko LEP-etan zeuden 174 plaza horiek, baina azkenean ez ziren adjudikatu. Horrez gain, txanda irekiko 71 plaza eta barne sustapeneko lau plaza onartu dituzte. Era berean, eskainitako lanpostu huts guztien %7 desgaitasunen bat duten pertsonentzako izango dira.
Bestalde, alkateak nabarmendu du aurten eskainiko dituzten plaza kopurua (282), “Udaleko Langile Batzordearekin lortutako adostasunaren emaitza” izan dela, hau da, “langileen ordezkariekin”. Era berean, adierazi du udalaren mendeko beste administrazioetan ere aldi baterako enplegua egonkortzeko asmoa dutela. Guztira, 1.450 langile ditu udalak, eta haren mendeko beste administrazioak aintzat hartuta –Donostia Kultura, Donostia Kirola, eta abar–, guztira 2.548 langile dira.
Lanpostu horien hautaketa prozesuan parte hartzeko, udalaren webgunean eman daiteke izena, edo udaletxean bertan. Horrez gain, alkateak nabarmendu du hautaketa prozesuen gaineko abisuak jasotzeko aukera ematen duela webguneak, “denbora guztian begiratzen egon behar ez izateko”.