Aldundiak harrera egin die Realeko eta Bera Berako jokalariei
Gipuzkoako Foru Aldundiak Bera Berak eta Realaren emakumeen taldeak denboraldi honetan lortutakoa aitortzeko harrera egin zien asteartean bi taldeei, aldundian bertan. Hain zuzen ere, Alba Menendez Bera Berako kapitainak eta Nerea Eizagirre Realeko kapitainak aldundiaren plaka bat jaso zuten, omenaldi gisa. Bera Berak liga irabazi du aurten ere, azken hamarkadan zortzigarrenez. Realak, aldiz, denboraldi historikoa egin du: txapeldunorde gelditu da ligan, eta Txapeldunen Ligarako txartela eskuratu du, historian lehenengo aldiz.
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, bi klubetako jokalariak, teknikariak eta kudeatzaileak zoriondu zituen. “Emakumeak lurraldeko kirol rankingaren buru zarete azken urteotan, bai zuen arrakasta eta lorpenengatik, bai gizarte osoari transmititzen dizkiozuen balioengatik ere. Umiltasuna, kalitatea, talde lana, kemena eta ilusioa. Eredu zarete Gipuzkoa osoarentzat”, gaineratu zuen Olanok.
Harkaitz Millan Kultura eta Kirol diputatua ere harreran izan zen, eta bi taldeen lana goraipatu zuen: “Gure gizartea aldatzen ari da, eta Bera Berako eta Realeko jokalariak ere aldaketa horren parte dira. Aldaketa horrek atzean uzten du soilik maskulinoa den eliteko kirolaren paradigma, eta bidea irekitzen dio emakumeen eta gizonen berdintasunari”.