Donostiatruk bigarren eskuko azoka egingo dute larunbatean
Larunbatean Donostiatruk bigarren eskuko azoka egingo dute Easo Plazan, 10:00etatik 14:00etara. Udaleko Osasun eta Ingurumen Zuzendaritzak antolatutako azoka da, eta etxeko produktuei beste erabilera bat emateko helburua du, hondakin bihurtu baino lehen.
Herritarrek etxean dauden eta dagoeneko erabiltzen ez dituzten produktuetatik (arropa, liburuak, jostailuak eta abar) onura ekonomikoren bat ateratzeko aukera izango dute, baita produktuak merkeago erosteko ere. Goiza girotzeko, Easo Abesbatzaren Easo Gaztetxo Abesbatzako kideek musika emanaldia eskainiko dute 12:00etan.
Donostiatruk azokan ohikoa denez, erosketaren bat egiten duten pertsonen artean, bi lagunentzako bazkari edo afari bat zozketatuko da Egiako Km0 jatetxe begano begetarianoan.