Etxeberriak, O'Mullonyk eta Morenok ez dute Bera Beran jarraituko
Bera Berak jakinarazi duenez, Ainhoa Etxeberria, Maria Prieto O’Mullony eta Mirene Moreno jokalariek ez dute Bera Beran jokatuko hurrengo denboraldian, kluba utziko baitute. Bera Berako eskubaloi ataleko arduradun Tati Garmendiarekin eman dute horren berri asteazken goizean. Horrela, lau dira dagoeneko hurrengo denboraldian Imanol Alvarezen taldean jarraituko ez duten jokalariak, Eli Cesareok otsailean hartu baitzuen erabakia.
Garmendiak Etxeberriaren, O’Mullonyren eta Morenoren “inplikazioa eta lana” nabarmendu ditu. Zera esan du O’Mullonyri buruz: “Esker oneko hitzak bestetik ez ditut egindako esfortzuarengatik. O’Mullonyk lesio larri batzuk gainditu behar izan ditu, harrigarria izan da egin duen lana bere mailara iristeko”. Etxeberriarekin eta Morenorekin ere “pozik” agertu da: “Ainhoa jubeniletan gurekin izan zen gero ikasketak medio Bilbon jarraitu zuen jokatzen. Biek zilarrezko mailan urte askotan aritutakoak dira eta lehen mailako igan lekua dutela frogatu dute”.
Era berean, hiru jokalariek esker oneko hitzak izan dituzte klubarekin. “Asko ikasi dut, kirolari dagokionez eta arlo pertsonalari dagokionez. Hiru liga lortu ditut eta esperientzia europar bat, bizitza osorako daramadana” esa du O’Mullonyk. “Ez nuen imajinatuko nire kirol ibilbideak hiru denboraldi egingo zituenik klub honetan, hiru liga irabazita, Europako esperientziekin eta bizipen pertsonal askorekin. Pertsonalki nahiz kirol arloan asko hazi naiz”, nabarmendu du Morenok. “Eskerrak eman behar dizkiot klubari, etxean bezala sentiarazi nauelako, beraz, nire bihotzean oso leku nabarmenean egongo dira”, gaineratu du Etxeberriak.