Kultur Aniztasunaren Eguna ospatuko du Ongi Etorri Eskolarak ostiralean, Bulebarrean
Kultur Aniztasunaren Egunaren harira, Bulebarrean erakusketa bat jarri dute Ongi Etorri Eskolara proiektuko kideek. Egitasmoan hainbat jatorritako Donostiako zazpi argazkilarik eta kultura-aniztasunaren eta arrazakeriaren aurkako gaietan lan egiten duten Donostiako sei elkarte eta erakundek parte hartu dute, eta horiek dira argazki-erakusketaren protagonistak. Bertan parte hartzen dute, baita ere, instalazio artistikoaren sortzaileak diren zazpi ikastetxetako LH 4ko ikasleek ere.
Erakusketa sortzeko, parte-hartzaileek topaketa bat egin zuten elkar ezagutzeko eta gure lurrari buruzko gogoetak partekatzeko: migrazioa, identitateak eta kide izatearen zentzua. Elkarrizketa horren laburpena panel bakoitzean dago jasota, QR baten bidez. Aldi berean, Ongi Etorri Eskolara proiektuan parte hartzen duten Donostiako ikastetxeek Mundua eraldatzeko artea tailerretan parte hartu dute: Orixe ikastola, Amara Berri eskola, Jakintza ikastola, Intxaurrondo ikastola, Aitor ikastola, Maria Reina eskola eta Zuhaizti ikastola.
Prozesu artistiko honen azken emaitza Bulebarreko kioskoan ikusgai dagoen artelan kolektibo honetan gauzatzen da: argazki erakusketa eta haurrentzako instalazioa. Ostiralean, Kultur Aniztasunaren Egunarekin bat eginik, Donostian kultur aniztasunarekin eta arrazakeriaren aurka lan egiten duten elkarteen informazio guneak izango dira arratsaldean. Gainera, ikastetxeentzat egun osoko programa prestatu dute:
09:15etik 10:15era Orixe ikastola eta Aitor Ikastolaren Bulebarrera bisita, instalazio artistikoaren zati bat jarri eta koreografia bat egingo dute LH4ko ikasleek.
10:15etik 12:00etara Amara Berri eskola, Maria Reina ikastola eta Jakintza eskolek Bulebarrean bisita. Erakusketaren bisita gidatua eta instalazioaren zati bat jartzea.
15:00etatik 16:00etara Zuhaizti eskola eta Amara Berri eskolaren bisita.
17:30etik 19:30era karpetan kultura aniztasunarekin eta arrazakeriaren aurka lan egiten duten hamabi elkarteren informazio guneak.
18:30 Gure lurra, kulturarteko begirada erakusketaren eta instalazio artistikoaren inaugurazioa Bulebarreko kioskoan.