Manuela Campa donostiar egilearen obra bat eman diote dohaintzan San Telmo Museoari
‘Patio de San Telmo’ obra XIX. mende amaierako olio gaineko mihise bat da.
San Telmo Museoaren Lagunen Elkarteak Manuela Campa donostiarraren (Donostia, 1876-1905) obra bat eman dio dohaintzan museoari, 2022ko Nazioarteko Museoen Eguna dela eta. Koadroa, Patio de San Telmo, 1896an Donostiako Arte Ederren Jauregian egin zen erakusketan aurkeztu zen mihise gaineko olioa.
Dohaintza gaur egin diote San Telmo Museoaren Lagunen Elkarteko presidente Carlos Rilovak eta elkarteko batzordekide Mª Jesús Muñoz Baroja eta Paco Esparzak museoko zuzendari Susana Sotori. Gaur, Museoen Egunean, eta datorren asteburuan, maiatzak 21 eta 22, San Telmo doako sarrerarekin egongo da zabalik, eta koadroa ikusgai egongo da datorren astera arte.
Lan honek Donostiako Arte Ederren Jauregian antolatu zen Pintura eta Eskultura erakusketan parte hartu zuen 1896an, eta bertan artista berak beste bi lan erakutsi zituen, erakusketaren katalogoan jasotzen den bezala.
Manuela Campa Echave (Donostia, 1876-1905)
1876ko abuztuaren 23an Donostian jaioa, Dolores Echave eta Baldomero de la Camparen alaba zen. Bere aita 1860ko hamarkadaren amaieran hirian bizitzen jarritako pintore dekoratzailea izan zen, estofaduran eta urreztaduran espezializatua. Hainbat eraikin apaindu zituen (Gipuzkoako Probintzia Jauregia, besteak beste), eta Donostiako eta lurraldeko erretaulak zaharberritzeko lanak ere egin zituen, esaterako, San Bizente elizakoak eta Santa Teresa komentukoak.
Ia ezer ez dakigu Manuela Campak pinturari eskaini zion dedikazioari buruz, baina logikoa litzateke pentsatzea, aitaren urratsak jarraitu zituzten XIX. mendeko artisten beste alaba batzuek bezala, aitaren eskutik jaso zuela bere lehen prestakuntza. Margolari gisa berari buruz ezagutzen den aipamen bakarra 1896ko abuztuan egindako Donostiako Pintura eta Eskultura Lehen Erakusketan parte hartu izanari lotuta dago, eta hiru olio aurkeztu zituen: Un lavadero, Marienea eta Patio de San Telmo. Tokiko prentsaren lausengu generikoa lortu zuen behintzat: “Hiru koadrotxo, benetako baldintzak zituen artista baten lehen urratsak. Ondo marraztuak eta zintzoak. Zorionik beroenak merezi ditu artista gazteak”. Donostian hil zen 1905eko urtarrilean.