Ondarretako eraso homofoboa salatzeko, "hondartza hartu" dute
Igandean eraso homofobo bat gertatu zen Donostiako Ondarretako hondartzan, eta hori salatzeko protesta egin zuten atzo zenbait herritarrek hondartzan bertan. Hain zuzen ere, biluztu egin ziren eta “hondartza hartu” zuten: “Gurea den espazioaz birjabetzeko”.
Erasoa igandeko Infernuko pala txapelketaren ondoren gertatu zen, pala txapelketan aritutako batzuk Ondarretara bainu bat hartzera joan zirenean. Hondartzako arrapalan arropa kendu zuten, uretan sartu ziren, eta, ateratzekoan, eraso homofoboa pairatu zuten. Salatu dutenez, komentario eta begirada batzuez gain, argazkiak egin zizkieten, eta, hori ikusitakoan, argazkiak egin zituenari hauek ezabatzeko eskatzera joan ziren. Surfa egitera zihoan gizon bat eztabaidan sartu zen “besteen jarrera defendatuz” eta hitzezko erasoekin. Era berean, nabarmendu dute behin baino gehiagotan honakoak esan zizkietela: “Lesbiana putak”, “nazka ematen duzue!”, “okagura ematen duzue!”, “ez zarete batere femeninoak!” eta “puta zikinak!”.
Erasoa jasan zutenen arabera, ez zuten inguruan zeuden herritarren babesik jaso, eta gaineratu dute eraso homofobo batetik harago joan zela gertatutakoa: “Eraso lodifobo, matxista, putofobo, klasista, faxista izan zen”.