Yurena Diazek eta Maria Españak kontratua berritu dute Ibaeta Basketekin
Ibaeta Basket hurrengo denboraldira begira jarri da dagoeneko, eta bi kapitainen kontratuak beste denboraldi baterako berritu ditu: Yurena Diazena eta Maria Españarena, hain zuzen ere. “Denboraldi historikoa eta zorrotza dator. Estreinakoz, Europa talde gipuzkoarraren zain dago. Pasa den sasoiko emaitza errepikatzea arrakasta litzateke. Hori lortzeko, Ibaetako klubaren bulegoetatik duela hainbat aste hasi ziren lanean”, azaldu du klubak.
Diaz lau urtez aritu da Cadi la Seu taldean, eta iaz fitxatu zuen Ibaeta Basketek, eta datu onekin amaitu du denboraldia: batez beste, partida bakoitzean 25 minutuz egon da zelaian, 6,5 puntu sartu ditu eta 6,2ko balorazioa izan du. España, aldiz, Gran Canariatik fitxatu zuten iaz, eta esperientzia handia duen jokalaria da.