Arte Ederrak, antzoki izatetik luxuzko hotel izatera
Eraikinaren etorkizuna argitu du SADEk, eraikinaren jabeak. Hilton kateko luxuzko hotela izango da 2024an.
Argiak itzali eta zinematografo zaharra ez zuten gehiagotan piztu. Gerora, ateak itxi eta leihoak hormatu zizkioten. Kupula ere galdu zuen, bota zutelako. Hesitu eta barrualde guztia eraitsi zuten. Horixe da 1980ko hamarkadatik gaur egun arte Arte Ederrak jauregi eta antzokiak izan duen eboluzioa. Etorkizuna, berriz, argitu du SADEk, eraikinaren jabeak. Hilton kateko luxuzko hotela izango da 2024an. Piztuko dizkioten argiak oso bestelakoak izango dira.
Arte Ederrak eraikina hotel bihurtzearen harira, Donostiako hotel establezimenduen hazkundeari erreparatu dio IRUTXULOKO HITZAk. 2016tik gaur egun arte ireki diren hotel establezimenduen datuak bildu, eta bilakaera bera aztertu dugu. Horrekin batera, Hilton bat Amaran jartzeak inguruan izango duen eraginaren inguruan galdegin diegu Amara Bai auzo elkarteari eta udaleko alderdi guztiei. Azkenik, Jonander Agirre arkitektoarekin eta Ancora elkarteko kide Alberto Fernandez D’Arlasekin Arte Ederrak eraikinaren bilakaera arkitektonikoa aztertu dugu.
Biharko astekarian irakurri ahal izango da erreportaje zabala. Eta, noski, baita webgunean ere.