Euskara "makalditik irteteko" bultzada izango da larunbateko manifestazioa
Ehunka herritarrek eta euskalgintzako zein beste esparru batzuetako dozenaka gizarte eragilek bat egin dute Euskara Aurrera lelopean larunbatean egingo den nazio manifestazioarekin. 17:30etik aurrera Antiguako tuneletik abiatuko den mobilizazio hau “denon, denontzako, etorkizuna euskaraz irudikatzen dugun guztiona” izatea nahi dute.
Manifestazioa zabala eta askotarikoa izan dadin, parte hartuko duten herritarrei dei egiten diete euskararen aldarriak eramateko: pankartak, kamisetak, zein banderolak.
Antolatzaileen arabera, euskarak “makalaldia” bizi du egun, eta bertatik ateratzeko hauspoa izatea espero dute manifestazioa. Azaldu dutenez, orain dela hamarkada batzuk hilzorian zegoen.
Askotariko atxikimenduak
Gazte Euskaltzaleen Sareko kide batzuek abiatu zuten ekimena, eta euren zen manifestazioa guztiona izatea, “etorkizuna euskaraz irudikatzen duten guztiona”. Kulturgintzako, euskalgintzako eta kirol alorreko aurpegi ezagun askok babestu dute ekimena. Aurkezpen prentsaurrekoan honako hauek izan ziren: Oinatz Bengoetxea pilotaria, Yogurinha Borova (trabesti eta kultur- ekintzailea), Lorea Agirre (Jakin aldizkariko zuzendaria), Sua Enparantza (aktorea), Joanmari Larrarte (Elkarekoa) eta Oier Sanjurjo (Osasunako futbolaria).
Orduz geroztik, atxikimenduak eta babesak biderkatu egin dira eta sare sozialetan hainbat ezagunen atxikimenduak ikusi ditugu. Adibidez: Itziar Ituño (aktorea); Gaizka Garitano (Eibar FTko entrenatzailea); Athletic FTko nesken taldeko zenbait jokalari; Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak; Bixintxo Bilbao (pilotaria); Edurne Azkarate (aktorea); Maider Zabalegi (musikaria); Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia (aktoreak); Olatz Salvador (abeslaria); Omar Diop (aktorea); Liher musika taldea; Eneko Sagardoy (aktorea); Nerea Ibarzabal (bertsolaria); Kukai dantza konpainia; Pello Reparaz (musikaria).
Aipatutakoez gain, Donostian, Bagera elkarteak, Altxa mugimenduak eta Liher musika taldeak eman dute atxikimendua, besteak beste.