Lur azpiko aparkaleku bat izango du Basque Culinary Center-en Groseko egoitzak
Basque Culinary Center erakundeak pasa den astean aurkeztu zuen Groseko Okendo Alde eremuan eraiki nahi duen Gastronomy Open Ecosystem (GOe) egoitzaren diseinua. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak, besteak beste, osatzen dute erakundearen patronatua. Eraikina finantzatzeko 26 milioi euroak erakunde horiek jarriko dituzte. Horrekin batera, Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak AU.01 Manteo-AU.01.4 Okendo-Alde azpieremuaren Plan Bereziaren ingurumen txostena egin zuen otsailean, eta baldintzak betetzen dituela dio. Hemen irakur daiteke, soilik gaztelaniaz.
Ingurumen txostenak GOe eraikinaren xehetasun gehiago jasotzen ditu. Esaterako, aparkaleku publiko handi bat izango duela GOe eraikinaren azpian. Guztira, Basque Culinary Center-en bigarren egoitzak 3.836 metro karratu izango ditu, eta 22,5 metroko altuera. Lur azpian bi solairu izango ditu, eta hiru lur azalean.
Okendo Alde eremuko plan bereziak, 2010eko HAPOaren arabera, gazteentzako eta adinekoentzako etxebizitzak aurreikusten ditu. Donostiako Udal Gobernuak, ordea, BCC-ren bigarren egoitza plan berezi horretan sartu du. Horren inguruko erreportaje bat argitaratu zuen hedabide honek hilabete hasieran. Ulia Auzo Elkartea eta udaleko hainbat alderdi plan berezi horren aldaketaren aurka agertu dira. Nolanahi ere, udal gobernuak aurrera egiteko asmoa du, baina horretarako bi tramite falta zaizkie. Lehenik, Plan Bereziaren aldaketa onartu behar dute Tokiko Gobernu Batzordean, eta, bigarrenik, udalbatzarrean argi berdea eman behar diote.
‘Olatuen bidea’
Danimarkako BIG (Bjarke Ingels Group) arkitektura estudioaren Olatuen bidea proposamena da aurrera eramango dutena. Aurkezpenean, hainbat xehetasun eman zituzten. Lanak 2023ko martxoan hasiko dituzte, eta 2024. urte bukaerarako amaitzea aurreikusten dute –hedabide batek 2026an kokatu du egoitzaren irekiera–.