Antzokia hustu dute luxuak bete dezan
Arte Ederrak eraikinaren hormek zutik diraute, eta dagoeneko badakite barruan zer hartuko duten; luxuzko hotel bat. SADE enpresak eta Hilton kateak adostu dute 2024erako zinema antzoki izandakoa Curio bildumako luxuzko hotel bihurtzea. Hiriko hotel establezimenduen zerrenda luzera gehituko da. Izan ere, egun, 192 hotel establezimendu daude Donostian, eta, 2016tik hona, 45 ireki dira, bederatzi indarrean dagoen legealdian.
Argiak itzali eta zinematografo zaharra ez zuten gehiagotan piztu. Gerora, ateak itxi eta leihoak hormatu zizkioten. Kupula ere galdu zuen, bota zutelako. Hesitu eta barrualde guztia eraitsi zuten. Horixe da 1980ko hamarkadatik gaur egun arte Arte Ederrak jauregi eta antzokiak izan duen eboluzioa. Etorkizuna, berriz, argitu du SADEk, eraikinaren jabeak. Hilton kateko luxuzko hotela izango da. Piztuko dizkioten argiak oso bestelakoak izango dira.
Donostiako hotelen hazkundearen beste eredu bat da. Udaleko iturrien arabera, 2022an 192 hotel establezimendu daude hirian. 2016ko kultur hiriburutzaren aurretik, 147 hotel establezimendu zeuden, eta urte seinalatu hartan eta hurrengo urtetan 45 hotel establezimendu ireki zituzten. Hotelei dagokienez, bost izarreko bat, lau izarreko hamaika, hiru izarreko bi, bi izarreko zortzi eta izar bateko bakarra zabaldu zituzten. Horiei gehitu behar zaizkie bi izarreko hamabi pentsio, sei aterpetxe, ikasleentzako egoitza bat, kanpin bat eta hamasei apartamentuko eraikin bat. Guztira, lotarako 3.600 plaza. Aldiz, orotara, egun 11.272 plaza daude Donostian. Hotelek batez beste 38,8 gela dituzte, pentsioek sei eta aterpetxeek hamasei. Horiei gehitu behar zaie etxebizitza turistikoen eskaintza zabala.
Bizilagunekin plataformak 2016ko kultur hiriburutzarekin lotzen du Donostiako turismoaren eta hotel establezimenduen hazkundea. Halere, «turismoaren benetako leherketa» 2017an izan zela uste du plataformako kide Asier Basurtok: «2016an ez zen egon turismoarekiko erreakzio bat. Aldiz, 2017ko Aste Santua iritsi bezain pronto, alde guztietatik lehertu zen. Tourist go home pintaketak agertu ziren, turismofobia kontzeptua azaldu zen –eztabaida horri uko egiteko–, eta Ernaik manifestazio bat deitu zuen abuzturako. Horrekin batera, Katalunian antzeko fenomeno bat sortu zen, estatu mailako hedabideetara iritsi zena, eta eztabaida areagotu zuena».
Donostiak turismoa betidanik izan duela adierazi du Basurtok, baina momentu batean turismo eredua desorekatu zela uste du: «Herritarrek ikusi eta sentitu zuten zerbait izan zen; kalean, hondartzan eta ostalaritzan, besteak beste». Kultur hiriburutzak turismoaren gorakada ez ezik, turisten profil aldaketa ere ekarri zuela dio Bizilagunekinek. «Topikoak dio turista madrildarrak, kataluniarrak eta frantsesak zituela Donostiak. Topiko berriak dio turistak estatubatuarrak eta japoniarrak direla. Elitistagoa da, errenta maila altuagoa duten turistak datoz hirira», azaldu du Basurtok. «Gaur egun turismo merkerik ez dago Donostian. Etortzen direnen gehiengoa bertako biztanleria baino maila ekonomiko altuagokoa da. Eta errenta maila altuko turistak erakartzean mesede bat egiten digutela kontatzen digute. Kalitatezko turismoa deitzen diote aberatsen turismoari. Aldiz, herritar arrunten turismoa parrandara eta istiluetara mugatzen dute».
Turisten artean gehien entzuten den hizkuntza bera ere aldatu dela nabarmendu du Basurtok: «Gaztelania eta euskararen ondoren, kalean frantsesa zen gehien entzuten zena. Orain, ingelesa da, nabarmen. Turismo bulegoan ondo dokumentatua dute hori. Azken batean, erakundeek probokatu dutena da». Ildo horretatik, Donostiak turismo eredu bat bazuela gogoratu du Bizilagunekin plataformako kideak. «Bazuen toki eta garrantzi bat. Ordea, erabat desorekatu da eredu hori. Hirigintzan, kultur eskaintzan eta beste alorretan lehentasunak aldatu dituzte. Horregatik, guk diogu ez gaudela turismoaren kontra, turistifikazioaren aurka baizik. Turismoak beste alor guztiak baldintzatzea da guk saihestu nahi duguna. Batez ere, hemen bizi direnak baldintzatu ez ditzatela».
Hazkundearen arrazoiak
Donostiako Udal Gobernuak hotelen hazkundearen inguruko diagnostikoa helarazi dio hedabide honi. Azken urtetan hotelen eta hotel plazen kopurua igo dela aitortzen du, eta hori hiriak zuen «eskaintza defizitario» baten ondorioz gertatu dela. «Ez zituen hiriko beharrak betetzen, batez ere, kongresuak antolatu ahal izateko hiri gisa». Horrekin batera, ETAk iragarritako su etenak bisitarien eta turisten «eztanda» eragin zuela dio: «Kultur hiriburutzak nazioarteko proiekzioa eman zion hiriari, eta erdi zein goi mailako turismo helmuga izatera iritsi zen. Era berean, hotelen inbertsoreentzat hiri erakargarri bihurtu zen».
2011. eta 2015. urteen arteko legealdiaren bukaeran kokatzen du txostenak hotel establezimenduen hazkundearen hasiera: «Orduan, EH Bildu zegoen udal gobernuan, eta beraiek hiru hotel baimentzeko lizentziak sinatu zituen, guztiak gela askokoak: Catalonia (San Bartolome komentua), Lasala Plaza eta One Shot (Tabakalera)».
Gaur egungo egoerari dagokionez, udal gobernuaren diagnostikoak dio hirian ostatu kopuru nahikoa dagoela. Horrela ere, udal gobernuak lizentzia eskaerak jasotzen eta aztertzen jarraitzen du. Zehazki, hamabi dira une honetan aztertzen ari direnak. «Lizentzien kasuan, garrantzitsua da ondorengoa nabarmentzea. Lizentzien prozesua arautua dago, eta eskaerak baldintzak betetzen baditu, udalak lizentziak baimendu behar ditu. Hau da, lizentziak ematea ez da hautazkoa». Hotelen ugaritzea gelditzeko, udalak neurriak iragarri zituen, eta gaur egun Plan Berezi bat beharrezkoa da bizitegi eraikin bati hirugarren sektoreko erabilera emateko. Ordea, Arte Ederrak eraikinak ez du horrelako planik behar hotel bihurtzeko, hirugarren sektoreko erabilerarako kategoria duelako.
Eskaintza eta eskaria
Donostiako hotel establezimenduen hazkundea Erdialdean eta inguruko auzoetan –Parte Zaharra, Amara, Gros eta Egia– izan da 2016. eta 2022. urteen artean. Ostatuen eskaintzak eskariari erantzuten dio? EAJren eta PSE-EEren udal gobernuaren eta PPren udal taldearen ustez, bai. EH Bildu eta Elkarrekin Donostia udal taldeen iritziz, ordea, ez.
«COVID-19aren garaia baino lehen, Donostiako okupazio maila maiatzetik irailera %70 inguruan zegoen, eta uztaila eta abuztuan handiagoa. Beraz, datuek diote eskariari erantzuten diola hiriak duen hotel eskaintzak», nabarmendu du udal gobernuak. Iritzi berekoa da Borja Corominas PPko bozeramailea: «Hotelen eskaintzak eskariari erantzuten diola uste dut, baina horrek ez du esan nahi hiriarentzat ona denik. Inbertsoreek inbertitzen badute eskaria dagoelako izango da».
Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak eskaera interes pribatuekin lotu du: «Maila handi batean, eskaera sortzen ari dira interes pribatu zehatz batzuei erantzuteko. Hotel berrien oldea gero eta handiagoa da. Ia astero-astero proiektu berriak, lizentzia berriak edo irekiera berriak ezagutarazten dira. Izan ere, Donostia da estatuko hiririk errentagarriena hotel bat irekitzeko». Elkarrekin Donostia eta Ezker Anitzako zinegotzi Haizea Garairen ustez, eskaintzak ez dio eskariari erantzuten. «Arazoa da, gaur egun eskari hori ez badago ere, ahal duten guztia egingo dutela hiria ahalik eta foro guztietan azaltzeko, eskari hori sortzeko. Hiria ahal duten guztia saldu behar dute jendea erakartzeko, gure hiriak izan duen erakargarritasun historikoaz haratago. Hain denbora gutxian hotel plazen kopurua bikoizteak udal gobernuaren interes bati erantzuten dio: hiriaren turistifikazio masiboa sustatzea eta zerbitzu sektorean murgildutako hiri eredu batean sakontzea».
Aitzole Araneta Elkarrekin Donostia eta Ahal Duguko zinegotziak, ondorengoa gaineratu du: «Gobernu hau eskari hori muturreraino ustiatzen ari da, hirian eta bertako biztanleengan izan ditzakeen ondorio negatiboak kontuan hartu gabe. Urtero turismoa jasangarria ez den modu baten sustapenean inbertitzen duenez gobernuak, gero eta gehiago hazten ari den eskaria sortzen du, eta modu horretan arazoa gizentzen doa urtez urte».
Bizilagunekin plataformak turistifikazioarekin lotzen du eskaintzaren eta eskariaren arteko harremana. «Turismoak dirua sortzen du, baina noren eskuetara doa? Hotelak ez dira familia enpresak, kate eta inbertsore handiek irekitzen dituzte. Marina Garcesek dioena oso aproposa da fenomeno hau ulertzeko. Turismoa industria estraktibista bat dela dio. Hau da, meatzaritzaren parekoa. Kanpoko enpresa bat etortzen da, ustiaketa jarduera bat abiatzen du, minerala ateratzen du eta joan egiten da zuloa utzita. Azken urtetan kate handiek posizioak hartu dituzte Donostian, eta bakoitzak bere hotela nahi du ireki. Beraz, zein da eskaintza eta zein eskaria?».
Hilton bat auzoan
«Galdutako aukera bat dela iruditzen zaigu», dio Amara Bai auzo elkarteko Harkaitz Aranburuk. Urteak eman dituzte Arte Ederrak eraikina auzoarentzako izan zedila eskatzen, baina SADEk luxuzko hotel bihurtzea erabaki du. «Udalak eraikin horretan auzoarentzako zerbitzuak jar zitzakeen, aprobetxatu zezakeen, baina ez da horrela izango. Erakundeek, alderdiek eta elkarteek saiakera egin dute Arte Ederrak eraikinari erabilera egoki bat emateko, eta, azkenean, hotel bat izango da».
Amaran eta Erdialdean luxuzko hotel batek izan dezakeen afekzioaren «arduratuta» daude auzotarrak. «Orokorrean, kezkatuta gaude Donostian sustatzen ari diren turismo ereduarekin. Hotel asko ireki dira gure inguruan, eta pixkanaka dena garestitu da. Hemen bizi direnak kanporatzen ari dira, ezin dugulako gure auzoetan bizitza egin», dio Aranburuk. Arte Ederren eraikinean Hilton bat jartzeak auzoko prezioetan eragin zuzena izango duela uste du: «Ez zaigu batere jasangarria iruditzen».
EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak bat egiten dute Amara Bai auzo elkartearen kezkarekin. «Etxebizitzaren prezioak izugarri igo dira, eta auzo horietako bizilagunek kanpora joan behar dute euren bizi proiektuak egiteko. Amaran fenomeno hau abiadura bizian gertatzen ari da. Izan ere, Lizarra kalean eta San Bartolomen eraikitako etxebizitza berri asko espekulaziorako edo turismorako erabiltzen ari dira, eta ez bizitzeko. Hilton hotela mugarri berri bat izango da auzoan, norabide okerrenean», esan du Burutaranek.
Garai ere oso kritiko mintzatu da Hilton hotelak auzotarrengan izango duen eraginaren inguruan: «Luxuzko instalazio baten inguruan, okindegi eta fruta denda batek lokalen prezioa igo nahi dutenen presioei aurre egin beharko diete. Luxuzko hotel batek merkataritza elitistagoa sustatzen duelako eta ostatu hartzen dutenenentzako dagoelako. Luxuzko markak izango dira inguru horretan kokatu nahiko dutenak, inguruko bizilagunei beharrei jaramonik egin gabe». Ildo beretik hitz egin du Aranetak: «Tokiko merkataritzari ez dio mesederik egingo. Luxuzko hotela izango da, eta prezio ordainezinak izango ditu jendearen gehiengoarentzat. Hortaz, aurreikusi dezakegun zerbait bada bertan ostatu hartzen duen jendeak ez duela ia ezer kontsumituko tokiko merkataritzan, luxuzko establezimenduetatik harago».
Udal gobernuaren ustez, onuragarria izango da auzoarentzat Arte Ederrak eraikinari erabilera bat ematea: «Azken 30 urte luzetan auzotarrek itxitako eraikin bat izan dute begi bistan, erortzeko arriskuan zegoena. Orain erabilera bat emango zaio, eta, beraz, inguru guzti hori hobetu egingo da, eta urri egoeran zegoen eraikin bat berritu egingo da. Beraz, ingurua hobetu egingo du hirigintza aldetik baita hiriko bizitza aldetik ere». PPko bozeramaile Corominasentzat hotela inguruko merkataritzarentzat «onuragarria» izango da. «Errenta maila altuko turistak etorriko dira. Beraz, ez du zertan txarra izan behar auzoarentzat Hilton bat jartzea».
Horrelako luxuzko hotel batek hiriko eredu ekonomikoan «eragin zuzena» izango duela uste du Bizilagunekin plataformak. «Batez ere, kontsumo prezioa garestituko du hotelaren inguruan. Tabernetan bost euroko pintxoak jartzen badituzte eta turista ordaintzeko gai denez, bizilagunak beraien auzoko tabernatik kanporatzen dituzte. Esaterako, zalaparta sortu zuen sare sozialetan Villa Favorita hoteleko patata tortilla pintxoak. 14 euro balio ditu!».
Antzoki izatetik hotel izatera
Jonander Agirre arkitektoak ezkor begiratzen dio Arte Ederrak eraikinaren etorkizunari: «Hiri honetako eliteen garaipen bat da, hamarkada luzetako borrokaren ostean. Mezu oso negatiboa helarazten dio gizarteari: berdin dio planeamenduak dioena, berdin dute lege eta ordenantzek, eta, bereziki, berdin dio herritarren borondatea elite honen desiren aurka agertzen bada».
Eraikinak izan duen degradazioaren erantzukizuna SADErena dela gaineratu du Agirrek. «Sistema bera erabiltzen da zerbait eraitsi nahi denean. Degradazioa azken muturrera eramaten da eraisketa zentzuzkoa eta guztiz beharrezkoa dela jakinarazteko. Hortaz, degradazioa eta desagertzea prozesu beraren bi ondorio dira, hasieratik bilatutako ondorioak, azkenean nahi zuten hotela eraiki ahal izateko».
Bestalde, eraikinaren babes mailaren inguruko debatea «zentzugabea» dela dio: «Arte Ederrak eraikinaren eraisketaren aurka Eusko Jaurlaritza, Europa mailako erakundeak, UNESCO eta beste zenbait kolektibo agertu dira. Era berean, zenbait kanpaina egin dira herritarren aldetik. Horrek guztiak prozesua luzatu besterik ez du egin, eta imajinatzen dut Eneko Goiak medaila bat ere irabaziko zuela bukaera honekin».
Ancora elkartearen balorazioa ere ezkorra da. Arte Ederrak eraikina babesteko sortu ziren, besteak beste, eta ez dute nahi zuten bezala babestea lortu. «Akatsa da horrelako eraikin baten galera. Ez diogu guk bakarrik, ICOMOSek berak adierazi du balio kultural unibertsala duela Arte Ederrak jauregiak. Zinematografo zaharrena eraistea enegarren hotela jartzeko, galera handia da. Ondarea suntsitu dute. Kursaal zaharraren eraisketaren parekoa da», salatu du Alberto Fernandez D’Arlas Ancorako kideak.
Eraikinaren eraldaketa «deigarria» izango dela uste du D’Arlasek: «Barrualdea osorik bota dute, eta fatxadetan diotena baino gehiago egingo dute. Leihoak desitxuratuko dituzte. Eraikina trabestitua eta prostituitua geratuko da. Hori gutxi balitz, bi solairu gehiago jartzea aurreikusten dute jabeek, eta ondarea aitzakia gisa erabilita, eraikinaren jatorrizko koloreak berreskuratuko dituztela diote. Jatorrizko kolorea eraikinaren adreilu gorria da, gerora maiz margotu izan dena pintura gorriarekin».
Jauregi zaharra luxuzko hotel bihurtzeko bi gako nabarmendu ditu Ancorak: «Lehena, jabeak eraikinarekiko izan duen utzikeria ondarearen galera eraginez, azkenean, bere nahia aurrera eramateko: hotel bat jartzea. Eta bigarrena, erakundeen interes falta, urteen joan-etorrian alienatu direnak jabeen asmoei men eginez eta interes orokorrari bizkarra emanez».