Aperribai eta gerraren negozioa: "Gerrak gelditzeko modu onena hauek ez hastea da"
“Gure erakundeek diruz hornitzen dute gerraren negozioa”. Argi dute Euskal Herriko 11 erakunde antimilitaristek: “Gerra hemen hasten da”. Gerraren kontra egotea soldaduskaren kontra egotea eta armagintza industriaren kontra egotea dela uste dute, eta horretan daramate 30 urte baino gehiago borrokan.
Hain zuzen, horretarako elkartu dira gaur talde antimilitaristen ordezkariak, elkarlanean osatu duten liburua aurkezteko: La Sapa de los Aperribay [Aperribaitarren SAPA]. Patxi Azparren (1968, Donostia) eta Antonio Escalante (1962, Gasteiz) izan dira eragile antimilitaristen ordezkariak liburu aurkezpenean.
Bertan, Aperribai sendiak duen SAPA arma enpresaren “heriotzaren negozio iluna” ikertu dute, eta armagintzak Euskal Herrian dituen erpinak agerian uzten saiatu dira. Aperribaitarrak ezagunak dira, besteak beste, Jokin Aperribai delako Realeko presidentea.
Armagintzaren tradizio luzea
Armagintzak tradizio luzea du, tamalez, Euskal Herrian; 500 urte atzera eginez gero topatuko ditugu lehen industriak. Hain atzera joan gabe, XX. mendean gorakada itzela izan dute hainbat enpresek, tartean Soraluzen eta Andoainen egon den SAPA enpresa, egun Aperribai sendiaren jabetza den.
Liburu honen helburua ez da SAPA kritikatzea, Euskal Herriko armagintza osoa baizik, “100 enpresa baino gehiago baitaude gerraren negozioan”. Antimilitaristen ustez, SAPA da erreferentziazko enpresa; “nahiko txikia” den arren, nazioarte mailan izugarrizko harreman onak dituelako. “Erakunde publikoen laguntza” eta “inpunitatea” aipatzen dituzte, “izugarrizko botere” duelako sendiak.
Escalantek azpimarratu duenez, “kasu arraro” ugari dokumentatu dituzte. Adibidez, kontatu du nola 12 milioi euroko zorra duen enpresa izatea ez dela arazoa izan lehiaketa publikoak irabazi eta diru laguntzak lortzeko, “legeak espresuki debekatzen duenean”.
Aperribaitarr
Botere sare handia duelako SAPAk eta Aperribai sendiak, eta horrekin lotzen dute gaiaren inguruan dagoen “isiltasun handia”. Izan ere, informazio publikoarekin idatzi dute liburua, “hau dena gauza jakina zen”.
Aperribai sendia “oso babestua” dagoela uste dute: Donostiako Udalean, Gipuzkoako Foru Aldundian eta beste erakundeetan harrera ezin hobea egiten diote. Hain zuzen, Jokin Aperribai Realeko presidenteak duen ospea eta babesa aipatu dituzte, “futbola horretarako tresna” dela ziurtatuz. Azparrenek argi esan du “liburu honetan ateratzen den guztiarekin dimisio bat baino gehiago egon beharko litzake”.
Gerra horren presente dugun garaiotan garratnzia berezia hartzen du gaiak antimilitaristen ustez: “Gerraren kontra bagaude, gerrak ekiditeko modu eraginkorrena hauek ez hastea da”. Eta horretarako heriotzaren negozioa gelditu beharra dago. Eta arma trafikatzaileak zuritzeari utzi.