"Asko gaupasa egitera etortzen ziren hona"
Denbora batez itxita egon ostean, apirilaren 29an inauguratu zuten La Estrella taberna. Vanessa Aramburu da jabe berria, eta taberna hartzen duen hirugarren pertsona da. Tabernak lehen zuen antzeko itxura du, baina jabeak bere ukitu pertsonala eman dio, eta dekorazio guztiak zinemarekin du zerikusia orain. La Estrellak Egia auzoaren eta Tabakalerako kultura mugimenduaren arteko zubi-lana egitea da Arambururen helburua, eta hemendik aurrera ibilbide luzea egitea gustatuko litzaioke.
Nongoa zara?
Euskalduna, katalana eta suediarra naiz. Nire aita Irungoa da, baina nire ama katalana eta suediarra da. Bera Suedian jaio zen, eta ni ere bai. Duela lau urtetik bizi naiz Donostian, Egian.
Nola animatu zara taberna zabaltzera?
Izatez ekonomialaria naiz, eta urte luzez aritu naiz Stockholmgo udaletxean lanean. Hona bizitzera etorri nintzenean zineman egiten nuen lan. Proiektu txikiak egiten nituen, dokumentalak besteak beste, baina ez zen erraza horrela soldata bat irabaztea. Beraz, negozio eta etxe berri bat bilatzen hasi nintzen, eta taberna honek hori eskaintzen du, atzean etxe bat baitauka. Lehen, dena batera zegoen, baina bereiztu egin ditut. Orain, negozioa hemen daukat, eta ni atzean bizi naiz.
Taberna bat zabaltzea al zen hasieratik zure asmoa?
Ez. Nik lokal bat nahi nuen espazio bat sortzeko, baina ez neukan guztiz argi zer egin nahi nuen lokalarekin. Egiara etorri ginen, beti gustatu izan zaidan auzo bat delako. Eta pentsatu nuen agian coworking espazio bat sortu nezakeela, baina azkenean hau ikusi genuen eta gustatu egin zitzaigun.
Zergatik gustatzen zaizu Egia?
Lagunak ditut hemen. Lehen, Grosen bizi nintzen, baina beti ibili izan naiz Gros eta Egia artean. Orain nire mutil lagunarekin bizi naiz Egian.
Nolako taberna da La Estrella?
Auzoko taberna bat da, baina nire ukitu pertsonala eman diot: zinema. Dekorazio guztiak zinemarekin du zerikusia, eta hormetan dauden koadroetako kartelak nire aitak aukeratu dituen pelikulenak dira. Berari ere ikaragarri gustatzen zaio zinema, eta horregatik jarri ditugu pelikula mutuak telebistan. Bestela, ez dugu asko aldatu lehen zegoenarekin alderatuta. Egia auzoa Tabakalerako kultura mugimenduarekin lotu nahi dugu, nolabait, bien artean gaudelako.
Lokala erosi edo alokatu egin duzu?
Erosi egin dut, eta taberna eta etxea banatu ditut. Lehen etxera tabernako sukaldetik sar zintezkeen, baina orain portaletik sartu behar da. Beste aldaketarik ez dugu egin, dekorazioa pixka bat aldatzeaz gain.
Zenbat pertsona ari zarete lanean?
Hiru pertsona kontratatu ditut, lanaldi osora. Horietako bi zerbitzariak dira, eta bestea sukaldaria. Batzuetan, beste pertsona bat ere etortzen da laguntzera. Ni ere tabernara etortzen naiz, baina gehienetan ez naiz barraren atzean egoten.
Zer eskaintzen duzue?
Gosariak, pintxoak, errazioak eta bokatak ditugu. Pintxoei dagokionez, betikoak dira gehienak, baina berri bat ere jarri dut, curry-a eta mahonesa dituena, oso zaporetsua. Suedian askotan jaten da hori, baina, esan bezala, gehiena bertako pintxoak dira. Hala ere, noizbehinka kanpoko jakiak jartzea da asmoa. Asteartetik igandera edukiko dugu zabalik taberna, eta pintxo potea ere izango dugu, ostiraletan.
Apirilaren 29an egin zenuten inaugurazioa. Nolako harrera izan zuen?
Jende pila bat etorri zen. Kalea beteta zegoen, eta batzuek esan didate beste espaloira joan behar izan zutela pasa ahal izateko. Taberna ere erabat bete zen, beraz, esan behar da arrakasta izan dugula. Izan ere, taberna honek ia hiru urte daramatza itxita. La Estrella izena izango du aurrerantzean ere, ia 100 urte daramatzalako hemen. Leku berean hainbeste denbora daraman Donostiako tabernarik zaharrenetakoa dela esatera ausartuko nintzateke, nahiz eta ezin dudan ziurtatu. Etxea eraiki zenetik dago hemen taberna gisa, eta beti izan da La Estrella.
Horman argazki bat daukat, 1950eko hamarkadakoa, eta bertan La Estrella agertzen da. Oso antzinakoa da. Gainera, etxe honetan jaio zen gizon bati erosi diot lokala. Bera heldua da dagoeneko, eta bere aitarena zen taberna. Gero, 1969an, familia bati alokatu zioten, eta 50 urtez aritu ziren hemen lanean, duela hiru urtera arte. Beraz, ni hirugarren jabea naiz, eta ibilbide luzea egitea espero dut.
Taberna ezaguna zen lehendik ere, ezta?
Bai. Lehen, Tabakalera fabrika zenean, La Estrella oso goiz zabaltzen zuten. Fabrikako langileek gauez egiten zuten lan, eta ondoren hona etortzen ziren gosaltzera. Bide batez, donostiar askok gaupasa hemen egiteko aprobetxatzen zuten, eta hirian ezaguna da horregatik.
Taberna berriro zabaltzeak auzoan jende gehiago mugitzea eragingo al du?
Baietz uste dut. Egian beste taberna batzuen jabeak ezagutzen ditut, eta denek esan didate taberna hau itxi zutenetik jende gutxiago zebilela nabaritu zutela. Pintxo poterako, adibidez, auzoko lehenengo taberna hau zen, eta guk hori berreskuratuko dugu aurrerantzean.