Donostiako zazpi eskola bulebarrean batu dira kultur aniztasunaren alde
Ongi Etorri Eskolara elkarteak dinamizatuta, beste hainbat elkarterekin batera, erakusketa jarri dute bulebarrean Kultur Aniztasunaren Egunaren harira. Aitor Ikastola, Zuhaizti, Maria Reina, Intxaurrondo Ikastola, Orixe, Jakintza Ikastola eta Amara Berriko ikasleek hartu dute parte proiektuan.
Eskola bakoitzak bere dinamika propioa egin du: Aitor Ikastolako laugarren mailako haurrek, adibide, dantza bat prestatu dute Negu Gorriaken Kolore bizia kantarekin. Ikastetxe guztien artean aniztasunaren eta arrazakeriaren kontrako mezuak zituzten eskuak margotu dituzte, mural bat osatuz denen artean.
‘Gure Lurra’ erakusketa izan da gaur inauguratu dutena. Donostian bizi diren jatorri ezberdinetako argazkilariekin osatutako erakusketa da, eta bakoitzak bere lurra zer denaren gainean gogoetatu du. Gogoeta horiek partekatu dituzte haurrekin. Erakusketa sortzeko, parte-hartzaileek topaketa bat egin zuten elkar ezagutzeko eta gure lurrari buruzko gogoetak partekatzeko: migrazioa, identitateak eta kide izatearen zentzua. Elkarrizketa horren laburpena panel bakoitzean dago jasota, QR baten bidez.
Gaur arratsaldean udalarekin batera, eta arrazakeriaren kontra eta aniztasunaren alde lan egiten duten elkarteekin batera ekitaldia egingo dute bulebarrean, eta, bihar, Kultur Aniztasunaren Egunean, panelak jarriko dituzte ikastetxeetako auzoetan.