Hiri-baratze baten zaintza, elkarrekin hazi eta hezteko giltzarria
Urtebeteko elkarlanaren ostean, Adsis fundazioko ikasleek eta Bidebietako auzotarrek euren arteko harremana estutu dute, eta hiri-baratze bat sortu dute. Hemendik aurrera, batera zainduko dituzten loreontzi koloretsuetako loreek auzoari bizia emango diote.
Bidebietako Adsis fundazioko ikasleek hiri-baratze bat osatu dute auzotarrekin batera, eta koloretako loreontziak jarri dituzte kiroldegiaren ondoan eta Kontadores eraikinaren atzean. Baina hori ez da egun batetik bestera erabaki duten zerbait, atzean urtebeteko lanketa sakona baitago. Egitasmoa ulertzeko, komeni da jakitea Adsiseko ikasleak baztertuak izateko arriskuan dauden 15 eta 23 urte bitarteko gazteak direla, jatorriz euskaldunak, erdialdeko amerikarrak edo magrebtarrak gehienak. Auzoan ez ziren oso ezagunak, eta, sarritan, “gaizki ikusiak” zeudela jabetu ziren Sorginlore gizarte elkarteko langileak.
Partaidetza komunitarioa
Adsis zentroko arduradunekin hitz egin, eta Munduko auzoekin ikasten, bertako auzoan ekin proiektua martxan jartzea erabaki zuten elkarrekin.
“Iruditzen zitzaigun partaidetza komunitarioa estrategia ona zela hiru helburu nagusi lortzeko: alde batetik, Adsis ikastetxea eta bere ikasleak modu positiboan ezagunagoak egiteko auzoan; bestetik, prozesu horretan gazteek euren burua beste rol batzuetan ikusteko eta ahalduntzeko aukera izateko; eta, azkenik, auzoari ekarpen bat egiteko”, azaldu dio IRUTXULOKO HITZAri Assumpta Aierdik, Sorginlore elkarteko kide eta proiektuaren arduradunetako batek.
Horretarako, lehendabizi, trebakuntza eskaini zieten Adsiseko irakasle eta langileei. “Partaidetza, komunitatea eta aniztasuna zer diren landu genuen. Kontzeptuak eta praktikak azaldu genizkien, eta jarraian, ikasleekin ere hainbat sentsibilizazio saio egin genituen”, adierazi du Aierdik. “Hasieran, ikasleek proiektu hau egiteko ideia ez zuten oso ondo hartu, baina egia da prozesuak aurrera egin ahala, gustura aritu direla auzotarrekin lanean”, adierazi du Amaia Urangak, egitasmoan parte hartu duen Adsiseko irakasleak.
Ikasleekin sentsibilizazio saioak egin ostean, diagnosi bat abiarazi zuten Bidebietan. Farmazietara, tabernetara, liburu dendara, elizara, kiroldegira, anbulatoriora, zaharren egoitzara eta beste hainbat lekutara joan ziren auzotarrei inkesta bat egiteko. “Auzoan gehiena zer gustatzen zitzaien galdetu zieten ikasleek bizilagunei, eta bi erantzun izan ziren nabarmenenak: gune berdeak eta gertuko harremanak. Hortik abiatuta, eta Adsis ikastetxean zein ziklo ikasten dituzten ikusita (Sukaldaritza, Soldadura eta Elektrizitatea), hiri-baratze bat antolatzea pentsatu genuen”, azaldu du Aierdik.
Hiri-baratzea sortzeari ikasturte honetan ekin diote. Lehenik eta behin, Xomorro elkartekoekin Kristinaenea parkeko hazien inguruko egitasmoa bisitatu zuten, eta baita Uliako Mintegiak parkea ere. Bidebietako Erlauntza egitasmo komunitarioarekin ere hasieratik partekatu dute proiektua, eta Kontadoresekin ere elkarlanean aritu dira hiri-baratzeko loreontziak margotzeko.
Lan hori martxoaren 11n egin zuten ikasleek Kontadoreseko Jon Saenz del Castillo artistaren laguntzarekin. Orotara, sei loreontzi handi margotu zituzten, martxoaren 18an kalera irten eta haietan loreak landatzeko asmoz.
Ereindako hazien fruitua
Urtebetean ereindako hazi horiek egun horretan eman zituzten beraien lehen fruituak. Goizean, Adsiseko ikasleek loreak landatu zituzten koloretako loreontzi horietan, eta Bidebietako kiroldegiaren ondoan eta Kontadores eraikinaren atzean kokatu zituzten. “Proiektu ona da, auzotarrekin eta mundu guztiarekin parte hartzen dugulako. Landareak nola zaindu eta mantendu behar diren ikasi dugu, eta uste dut aurrerantzean ere jarraipena izango duela”, adierazi du Iraitz Iñigo Aranburuk, Adsiseko Sukaldaritza ikasleak. “Ongi iruditzen zait jendeari eta auzoari laguntzea, Elektrizitateko bigarren maila bukatu dugula ospatzeko jarduera bikaina da”, gaineratu zuen Mohamed Hantris ikasleak.
Ikastetxeko festa kulturala
Loreak landatu ostean, festa bat egin zuten ikastetxean eta herrialde desberdinetako jakiak prestatu zituzten ikasleek. Jaia El club de los poetas tuertos taldeak girotu zuen kontzertu batekin, eta jende andana joan zen festara: farmazietako laginle batzuk, parrokoa, Bideberri institutuko ikasleak eta irakasleak, eta baita bizilagun eta guraso batzuk ere.