"Taldearekin batera hazi gara"
Gero eta jende gehiagok jarraitzen du Realeko emakumeen taldea, eta, hain zuzen ere, peña ofizial bat ere badauka: Z7 Taldea. Emakumeen taldearen peña bakarra da, eta 2019ko Kopa irabazi ostean jaio zen. Pandemian nahiko geldirik egon badira ere, denboraldi historiko honetan une oro taldearen ondoan egon dira, Txapeldunen Ligarako txartela lortu arte.
Denboraldi historikoa egin du Realak. Nola bizi duzue?
Luismi Gomez (L.G.): Diozun moduan, historikoa izan da. Denboraldiaren hasieran, izan genituen baja guztiekin, inork ez zuen pentsatzen honaino iritsiko ginela. Gu, taldea bezala, pixkanaka bizi izan dugu sasoia: lehenengo mailan zailtasun handirik gabe mantentzeko eginda zegoela pentsatzen genuen hasieran, eta taldea hazten joan den heinean, gu berarekin hazi gara. Guretzat, beste liga hori irabazi dugu, argi gelditu delako Bartzelona harrapaezina dela munduko ia edozein talderentzat.
Iñigo Rodriguez (I.R.): Udan gertatu zenaren ondoren, ez genuen oso argi ikusten zein izango zen taldearen ibilbidea, eta ez genuen hau espero. Baina, iritsi zen momentu bat, non elkarri begiratu genion, eta esan genuen, ‘agian, badago Txapeldunen Ligarako txartela lortzea’.
Bereziki gogoratzen duzuen partidaren bat?
L.G.: Segur aski, politena Sevillan jokatutakoa da. Izan ere, zazpi taldekide bost egunetarako joan ginen hara, partida irabazi egin zuen Realak, Nereak [Eizagirre] gol ikaragarria sartu zuen, ia itxita utzi genuen Txapeldunen Ligarako txartela… Era berean, igandekoa ere berezia izan zen: jokoan ezer izan gabe eta horren eguraldi ona egiten zuen igande batean Anoetan 10.000 pertsona biltzea… Duela urte batzuk pentsaezina zen emakumeen futboleko halako partida batean horrenbeste jende egotea. Gainera, taldeak lagundu zuen eguna erabateko festa izateko, 6-1 irabazita.
I.R.: Partida guztiak izan dira bereziak, baina hemendik kanpo ikusi ditugunak nabarmenduko nituzke.
L.G.: Peña batentzat ezinbestekoa da etxetik kanpoko partidetara joatea, eta aurten hori egiteko aukera izan dugu. Etxeko partidak ere bereziak dira, gosaltzeko edo bazkaltzeko elkartzen garelako, eta abar. Ordea, etxetik kanpoko partidak are bereziagoak dira, 24 ordu zure pasio bera duen jendearekin pasatzen dituzulako. Besteak beste, elkarrekin bidaiatzeko sortu genuen Z7 taldea.
Urte historikoak izaten ari dira: 2019an Kopa irabazi zuten, datorren denboraldian Txapeldunen Liga jokatuko dute…
I.R.: Taldearen ibilbideak lagundu egin dio peñari, zalantzarik gabe. Azkenean, ez genuen elkar ezagutzen, eta bakoitza bere aldetik heldu zen emakumeen futbolera. 2019ko Kopa irabaztea izan zen taldea ofizialki sortzeko pausoa emateko hazia, baina laster pandemia iritsi zen, eta nolabaiteko geldialdia egin behar izan genuen; genituen ideia guztiak ez aurrera eta ez atzera gelditu ziren. Ordea, pandemia ‘amaitu’ denetik, askoz gogo handiagoarekin hartu diogu.
Udan pentsaezina zen denboraldi honetan lortutakoa, ezta?
L.G.: Zale gisa, gogorra da zure taldeak Kopa irabazteko horren garrantzitsuak izan diren hamar jokalari galtzea. Horrela ere, Realak jokalari oso langileak eta gazteak kontratatu ditu: Iris Arnaiz eta Emma Ramirez, esaterako. Bestalde, duela bi urte hemen zeudenek, Nuriak [Rabano] eta Gemmak [Gili], aurrerapauso izugarria eman dute, eta Nereak [Eizagirre] eta Amaiurrek [Sarriegi] taldea euren gain hartu dute. Eta, Sanni [Franssi] ez da horrenbeste lerroburutan agertzen, baina lan izugarria egiten du. Azkenean, taldeak emaitza onak lortu ditu.
I.R.: Jokalariek eta Nataliak [Arroyo] lortu duten kohesioa erabakigarria izan da.
Igandekoa denboraldi amaierako festa izan zen.
L.G.: Bai. Gainera, Xanti jatetxean peñako kide guztiak elkartu ginen denboraldia ospatzeko. Elkartzeko egun bat izan zen guretzat, baita kide batzuk agurtzeko ere; izan ere, denak ez gara Donostian bizi, eta, ziur aski, kide batzuk ez ditugu berriz ikusiko hurrengo denboraldira arte.
Orain, hurrengo denboraldira begira gaude, ea zer talde osatzen duen Realak. Gainera, uste dugu oso talde desiragarria dela orain txuri-urdina. Ez soilik Txapeldunen Liga jokatzeagatik, baita jokalari garrantzitsu askok kontratua berritu dutelako ere. Horrek konfiantza handia ematen dio taldeari, eta konfiantza oso garrantzitsua da kirolean.
Nola sortu zen Z7 peña?
L.G.: Hainbat realzale orduan hasi ginen elkarren berri izaten, Realaren partidetan, eta Whatsapp talde bat sortu genuen. Azkenean, Kopa irabazi izanaren harira, peña ofizial bat sortzea erabaki genuen.
Pandemia pasata, aurten hasi gara gehien mugitzen, eta etxetik kanpoko bederatzi edo hamar bat partidatara joan gara: Euskal Herriko partida guztietara, Madrilgo guztietara, Castellora, Valentziara, Sevillara… Ahalik eta partida gehienetara joaten saiatzen gara.
I.R.: Euskal Herriko partidetara joatea errazagoa da, baina urrunagoko partidetara joateko ere prest egon gara denboraldi osoan. Pandemiaren ostean, sekulako gogoa genuen mugitzeko.
Zenbat bazkide ditu peñak?
L.G.: 45 inguru, eta, gainera, bi urteotan ez dugu bajarik izan. Era berean, bazkide berriak sartzen dira noizean behin, eta, hain justu, berriki Mallorcako bazkide bat sartu zaigu.
I.R.: Esanguratsua da hori, gure peñan ez dagoela soilik Gipuzkoako jendea: Burgoskoak daude, Logroñokoak, eta abar.
Hasieran, beste izen bat izan behar zuen peñak, ezta?
L.G.: Bai, La Banda de Zubieta. Izan ere, denok Zubietako hegalean ezagutu genuen elkar, eta izen hori jarri genion gure Whatsapp taldeari. Ordea, Realak esan zigun izenak konnotazio biolentoa zuela. Horregatik, Realeko neskek euren partidak jokatzen dituzten zelaiaren izena jartzea erabaki genuen, eta orain, denborarekin ikusita, uste dut izen hobea dela Z7.
Nolako harremana duzue Realarekin?
L.G.: Orain arte, pandemiarekin, helbide elektronikoz eta Whatsappez izan dugu harremana, eta hori hotza izan da. Ordea, duela pare bat aste klubeko ordezkariekin bildu ginen, gure eskaerak edo dena delakoak helarazi genizkien, eta pozik atera ginen handik; ematen du laguntzeko prest daudela. Batez ere, etxetik kanpoko partidetarako sarrerak lortzeko. Izan ere, emakumeen futbolean ez da oso ohikoa kluben artean sarrerak bidaltzea, baina Reala prest agertu da hori mugitzen hasteko. Ez dugu nahi ezer oparitzea, sarrerak ordaindu nahi ditugu. Ordea, kanpokoentzat sarrerak saltzen ez dituzten zelaietan, klubaren laguntza behar dugu.
I.R.: Aurrez aurre bildu ostean, harremana desberdina da. Hala ere, orain arte ere Realeko ordezkari batzuekin harreman ona izan dugu, esaterako, Garbiñerekin [Etxeberria]. Zelairen batean sartzeko arazoak izan ditugunean, beti guregana etorri da.
Orain Europako partidak ikustera joan beharko duzue!
L.G.: Zailagoa izango da, astean zehar izaten direlako partida horiek, baina baten batera joango gara, ziur. Gainera, emakumeen futboleko peñen arteko harremana oso ona da, eta polita da kanpoko partidetara joatea, beste peñekin bazkaltzen dugulako, eta abar.
I.R.: Gizonen futboleko peña batzuen arteko gatazkak ez dira emakumeen futbolera iritsi, eta espero dezagun inoiz ez iristea.