Amara kaleko hiru eraikin eraisteko lanen kontratazioa abiatu du udalak
Donostiako Udalak bere jabetzakoak diren Amara kaleko hiru etxebizitza botako ditu. Zehazki, 11., 13. eta 17. zenbakietan dauden eraikinak eraitsiko dituzte, egoera txarrean daudelako. Gaur onartu dute lan horiek egiteko kontratua. Lizitazioaren aurrekontua 504.621,58 eurokoa da (%21eko BEZ-a barne), eta kontratuaren gauzatze epea hiru hilabetekoa da. Adjudikazio prozedura modu irekian eta premiazko izapidearen arabera bideratuko dela esan du udalak.
2020ko urriaren 27an hartu zuen udal gobernuak Amara kaleko hiru eraikin hustu eta eraisteko erabakia. Udal teknikarien arabera, “egiturazko patologia larriak” dituzte 11., 13., eta 17. zenbakiko eraikinek, eta segurtasun arrazoiengatik botako dituzte. Udalak iragarri zuen hiru eraikinetan bizi diren familiei Morlansen emango dietela aldi baterako bizilekua. Ordea, Amara kaleko 17. zenbakian lokala partekatzen duten Amara Bai auzo elkarteak, Amara Kirol Elkarteak eta Amarako jai batzordeak ordezko leku baten zain jarraitzen dute.