Donostiako hondartzetan ohiko zerbitzuak berreskuratuko dituzte
Azken bi urteotan, koronabirusaren pandemiaren ondorioz, Donostiako hondartzetako hainbat zerbitzu mugatu ditu udalak, baita edukiera kontrolatzeko seinaleak eta hondartzainak jarri ere. Ordea, aurten, “erabateko normaltasuna” berreskuratuko dute hiriko hondartzen, udalak azaldu duenez. “Hondartza garaia normal joatea espero dugu, eta hondartzak prestatzen ari gara, ohiko zerbitzuak mugarik batere gabe emateko. Aurten, Donostiak bere hondartzen xarma guztiaz gozatuko du”, adierazi du Hiri Mantentzeko zinegotzi Miguel Angel Diezek.
Hondartza denboraldia ekainaren 1etik irailaren 30era arte izango da, baina ohiko legez, zerbitzu batzuk ekainaren 15ean jarriko dituzte martxan, eta irailaren 15era arte egongo dira funtzionamenduan. Horrela, aurten, toldoak, aulkiak eta gabarroiak erabilgarri izango dira berriz.
Bestalde, pandemia garaiko zerbitzu batzuk mantenduko dituzte. Hain zuzen ere, hondartzetako edukiera kontrolatzeko kamerak jarri zituzten Urgullen eta Igeldon, eta udalak azaldu du kamera horiek mantendu egingo dituztela, “herritarrei hondartzetan zer edukiera dagoen denbora errealean jakinarazteko”. Era berean, hondartzei buruzko informazioa ematen duen aplikazio mugikorra sortu zuten pandemia garaian, eta hori ere mantenduko dute: “Bainurako banderen berri emango du, alegia, itsasoa bainatzeko moduan den, marearen, olatuen garaieraren eta korronte arriskutsuen arabera. Zurriolako hondartzan, korronteei buruzko informazioa emateko kartelak jarriko dira: korronte finkoak gorriz agertuko dira; eta mareen arabera aldatzen direnak, horiz”.