Gazta eta gastronomia izan dira protagonista Zorroagan
Donostiako Zorroaga egoitzako lorategiek artalde baten bisita jaso dute gaur, tokiko festan parte hartzeko. Jardunaldiari hasiera emateko, Iñaki Telleria artzainak artilea mozteko erakustaldia egin du. Ondoren, gazta bihurtu da protagonista: gazta dastaketa antolatu da, eta bertan parte hartu dute Elena Arzak sukaldariak, Peio Garcia Amiano gastronomoak eta Felix Ajuria Idiazabal Jatorrizko Deituraren presidenteak. Ekitaldian omenaldi berezi bat ere egin diote Luis Irizar sukaldari zenari.
Arratsaldean, zentroko erabiltzaileen senideek eta egoiliar batzuek gazta-tarten lehiaketa batean parte hartu dute jaiegunari amaiera emateko. Antolatzaileek nabarmendu dute Zorroagan bizi diren eta bertara joaten diren adinekoek “ilusio handiz” igaro dutela eguna.
Mendekoak zein autonomoak diren adineko pertsonen arretan espezializatutako zentro bat da Zorroaga. Arreta aukera ezberdinak eskaintzen ditu 370 plazatan: mendekotasuna duten adinekoentzako egoitza, adineko pertsona autonomoentzako egoitza, pertsona autonomoentzako tutoretzapeko apartamentuak eta eguneko zentroa.