Okendo Aldeko Plan Bereziari hasierako onarpena eman dio udal gobernuak
Basque Culinary Center erakundeak Gastronomy Open Ecosystem (GOe) egoitza berria aurkeztu ondoren, Donostiako Udal Gobernuak eraikin hori Groseko Okendo Alde eremuan kokatzeko plan bereziari hasierako onarpena eman dio. Horretarako, 2010eko HAPOan lursail horretarako aurreikusita zegoena aldatu behar izan dute. Izan ere, soilik gazteentzako eta helduentzako etxebizitzak egitea jasotzen du planak. BCC-ren bigarren egoitzak sortu duen eztabaidaren harira, Eneko Goia alkateak esan du “hiri honetako proiektu guztiekin” gauza bera gertatzen dela.
Alkateak aurreratu du, gutxienez, sei hilabete beharko dituztela Plan Berezia behin betiko onartzeko. Izan ere, alegazioengatik horrelako tramiteak luzatu egiten dira. Gogora dezagun, BCC-k adierazi zuela GOe eraikina 2023ko martxoan eraikitzen hasteko asmoa duela.
Plan bereziaren helburuari dagokionez, Goiak adierazi du eremu hori birsortzea dela asmoa: “Horretarako, han BCC-ren GOe egoitza jarriko da, eta gazteentzako zein adinekoentzako etxebizitzak egingo dira, hirian mota honetako bizitokien beharrari erantzunez”. Plan Bereziak lursail zabala bost partzelatan zatitzen du. “Hortaz, gaur egun eremuan dauden Okendo Kultur Etxea eta Xabier Zubiri Manteo institutua kontsolidatzen ditu. Era berean, ekipamendurako partzela bat sortzea proposatzen du Nafarroa hiribidearen aurrean, GOe eraikin jartzeko eta eremuaren bi alboetan gazteentzako zein adinekoentzako bi etxebizitza eraikitzeko. Guztira, 90 etxebizitza izango lirateke”, azaldu du Goiak.
Aipaturiko eraikinekin batera, Plan Bereziak 5.000 metro karratuko gune libre bat aurreikusten duela gaineratu du alkateak: “Nafarroa hiribidetik sarrera izango du, eta partzela desberdinak komunikatuko ditu eremuan parke berdea sortuz. Era berean, Rodil kaleko oinezkoen irisgarritasuna hobetuko da, partzelari azpiko eta goiko eremuak lotuko dituen ibilbidea sortuko da, Alejandria eta Zemoria kaleetako irisgarritasuna hobetuko da, eta eremu horretatik doan Done Jakue bideari balioa emango zaio”. Ordea, Ulia Auzo Elkarteak adierazi zuen bide hori “babestuta” dagoela, eta, beraz, eremu horretan ezin direla etxeak eraiki.